Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoako Osinbeltz harrobian jarriko duten Gipuzkoako hondakin geldoen biltokiaren harira, prentsaurrekoa eman du Iñaki Errazkin, Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Errazkinek, biltegiak "balorizazioa" ekarriko duela dio: "Gaur egun inongo erabilerarik ez duen gune bat herritarren esku jarriko dugu. Bertako hondakinak ez dira alferrik galduko eta ekarpen bat egingo dute".
Biltegia Zestoan jartzeko arrazoia argitu du Errazkin diputatuak: "Zestoako harrobiak, kokapen eta komunikazio onak ditu Gipuzkoan. Osinbeltz bazterrera utzita zegoen Gipuzkoako harrobirik handiena da, eta aspalditik dago Zestoan gune hau berreskuratzeko planteamendua". Gaur eguerdian egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, "Lurralde Arloko plana aldatu egingo da, eta gero etorriko dira proiektuaren egitea eta esleipena". Izan ere 2015eko urte amaieran amaituta egotea espero dute.
Iñaki Errazkinek dioenez, Gipuzkoak hondakinak kudeatzeko plana dauka: "Konponbide garbi, iraunkor eta merkeagoa dena. Izan ere errausketa ardatz zuen proiektua baina askoz merkeagoa da". Zestoako Osinbeltz harrobiarekin, errauste planta proiektua eta errauts toxikoen zabortegia "uxatu" egingo direla azpimarratu du Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatuak.