Leire Etxeberria: «Harrobian ez dut onartuko kutsakorra edo usainduna den materiarik»

Ane Olaizola 2014ko urriaren 14a

Zestoako Osinbeltz harrobian jarriko dute Gipuzkoako hondakin geldoen biltokia; gaur bilera irekia egingo dute herritarrekin. Zubietan tratatutako hondakinak jasoko ditu biltegiak, eta harrobiaren zuloa estaltzeko eta espazioa berreskuratzeko erabiliko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakin geldoen biltegia Zestoako Osinbeltz harrobian egitea erabaki du. Han gordeko dira birziklatzeko edo konposta egiteko balio ez duten hondakin geldoak, Zubietan kokatuko den Hondakinen Tratamendu Biologiko eta Mekanikoko plantan tratatu ondoren. Hondakinentzako diseinatu duten azpiegitura sarearen barruan kokatuko da Zestoako biltegia, eta aldundiaren ustez egungo «hiru zabortegiak —tartean Azpeitiko Lapatx eta Zarauzko Urteta— ixtea eta errauste planta ez egitea ahalbidetuko du». [caption id="attachment_112696" align="aligncenter" width="300"]ZESTOAKO_OSINBELTZ_HARROBI copia Harrobiak atzo arratsaldean zuen itxura (Nerea Uranga/Hitza)[/caption] 2015eko amaierarako martxan egotea aurreikusten dute. HITZAk jakin duenez, Zestoako biltegiak hamabost eta hogei urte bitarteko bizitza erabilgarria izango du. Harrobia betetzeko, estaltzeko eta leheneratzeko prozesua amaitutakoan bost urteko epean instalazioa mantentzeko lanak egingo dituzte, eta ondoren aisialdi edo zerbitzu eremuetarako erabili ahal izango da. Udalarekin hitzarmen bila Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hitzarmen bat sinatzea proposatu dio Zestoako Udalari. Egunkari honek jakin duenez, udalak kontratatutako teknikariek aztertu eta neurtuko lituzteke materia geldotuak, eta Osinbeltzeko biltegia kudeatuko luke. Kontratazio gastuak, berriz, kontsortzioak ordainduko lituzke. Udalak esan du datozen asteetan zehazten joango direla akordioa. Leire Etxeberria Zestoako alkateak lasaitasun mezua ere zabaldu die herritarrei: «Harrobian ez dut onartuko kutsakorra edo usainduna den materiarik». Osinbeltz berreskuratzeko «aukera paregabea» dela uste du, «etorkizunean herritarrek erabil dezaten». EAJk, berriz, aldundiaren urgentziazko agerraldi bat eskatu du, «kareharria dagoelako han, eta hondakinak filtratu daitezkeelako». Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak  gaur azalduko dio prentsari proiektua. Hain zuzen, atzo bilera egin zuten aldundiaren erabakiaren berri emateko aldundiko arduradunek Etxeberriarekin eta Joxe Mendizabal Zestoako EAJko zinegotziarekin. Aldundiaren eta kontsortzioaren asmoa da «prozesua udalarekin eta herritarrekin batera egitea», eta hala, gaur, 19:15ean, herritarrekin bilera irekia egingo dute, Zestoako Kultur Etxean. «Usainik ez du sortuko» Zubietako Tratamendu Mekaniko Biologikoko plantan tratatutako materiala jasoko dute Zestoan. Zubietan, lehenik oxigenoa eta likidoa kenduko zaizkie hondakinei, eta bizigabetu egingo dira. Hau da, «materiak ez du ez usainik ez lixibiaturik sortuko». Aldundiak HITZAri adierazi dionez, Zestoako biltegia irtenbide «garbi eta iraunkorra» izango da, eta hondakinen arazoari «irtenbidea» emateaz gain, Osinbeltz bezalako «espazio degradatu» bati balioa gehituko dio: «Paisaiaren, ingurumenaren eta gizarte erabileraren ikuspegitik berreskuratuko du harrobia». Harrobiko jarduera etenda dago iaztik udalarekin egindako akordio baten bidez, eta hura biziberritzeko proiektua onartuta dute; besteak beste, harrobiko zuloa lurrarekin eta hainbat materialekin betetzea. Biltegia Zestoan jartzearen arrazoiari dagokionez, Osinbeltz jarduerarik ez duen Gipuzkoako harrobi handiena dela esan du aldundiak. «Gaur egun inolako erabilpenik ez duen espazio bat da, eta leheneratzeko profil egokia du, ez bakarrik paisaiaren ikuspegitik, baita ingurumenarekin, aisiarekin, edo kulutr azpiegiturekin lotutako proiektuetara begira ere». Hondakinak tratatzeko azpiegitura sareak «hondakinen kudeaketa iraunkor eta eraginkorra» ahalbidetuko du, eta Europako Batasunak zehaztutako arauekin «bateragarria» da. Azpeitiko Lapatxen eta Bergarako Epelen egingo dituzten konposta egiteko bi instalaziok eta Zubietako Tratamendu Mekaniko Biologikorako instalazioak eta hango konposta plantak osatuko dute sarea, Zestoako biltegiarekin batera. Biltegia ekonomikoki eta ingurumenari dagokionez «iraunkorra» izango da, errauste plantak eta horri lotutako «zepa eta errauts toxikoetarako zabortegiak» alboan utziko dituelako eta Gipuzkoako hiru zabortegiak itxiaraziko dituelako— Urteta urtearen amaierarako eta Lapatx 2015eko apirilerako itxiko dituztela aginduta dauka aldundiak—. Zubietako planta 2016an «errendimendu maila gorenean» egotea espero du aldundiak, eta urte horretan Gipuzkoan gehienez 160.000 tona hondakin sortuko direla aurreikusten du. Aldundiaren arabera, Zubietako plantarekin %23 behintzat birziklatzeko berreskuratuko dute, eta %30 lurrundu egingo da prozesuan. Beraz, %43 errefusa izango da, eta aldundiak errefusa ahalik eta gehien higienizatzearen eta geldotzearen alde egin du: «Horrela zirutatu egingo da usainik ez sortzea, animaliarik ez erakartzea eta lixibiatu kutsatzailerik ez sortzea. Materia hori biltegi batean gordeko da, eta biltegiak espazio degradatuak balioan jartzeko balioko du».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide