'Haurrak euskaraz ari dira eta zu?' dioten kartelak jarri dituzten herriko parkeetan

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 14a

[caption id="attachment_112665" align="aligncenter" width="239"]Orioko udalak jarri ditu kartelak herriko parkeetan gurasoek beren artean euskaraz hitz egin dezaten. (Iturria: Orioko Udala) Orioko udalak jarri ditu kartelak herriko parkeetan gurasoek beren artean euskaraz hitz egin dezaten. (Iturria: Orioko Udala)[/caption] Udalak euskararen erabilera sustatu nahi du oriotarren artean. Herritarren hizkuntza ohituren inguruan egindako azken azterketaren arabera euskararen erabilera-indizerik baxuena esparru intimoenean gertatzen da Orion: "kalean baino baxuagoa da etxean" zehaztu dute udaletik. Joera hori iraultzeko gurasoek haurrengandik ikastea nahi du udalak. "Euskararen erabilerari dagokionez, Orion haurrak eredu dira helduontzat. Asko dugu ikasteko gure haurren hizkuntza jokaeratik". Horregatik udalak, Zaragueta Herri Eskolarekin eta Orioko Herri Ikastolarekin elkarlanean gurasoen hizkuntza-ohituretan eragiteko egitasmoa jarri dute martxan; Aita, ama... kontu bat dut zuei esateko izenekoa. Ildo horretan, herriko parkeetan Haurrak euskaraz ari dira eta zu? dioen kartelak jarri dituzte, gurasoak ere beren artean euskaraz hitz egitera animatzeko eta euskaraz hitz egiteko kontzientzia herritarren artean zabaltzeko. Euskararen erabilera etxean Etxeko ohiturek haurrengan duten eraginaz ohartuta Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuak azterketa bat egin zuen apirilean. Lehen Hezkuntzako 4, 5, eta 6. mailako ikasleei eta beren gurasoei etxeko eta lagun arteko hizkuntza ohituren inguruan galdegin zien eta hurrengoak izan ziren ondorio nagusiak. Alde batetik, euskaraz dakiten gurasoek ia erabat euskaraz egiten diete seme-alabei, baita familia mistoetan ere. Orioko Udaleko Euskara Sailaren iritziz hori "positiboa da, hizkuntzaren transmisioa ondo bideratuta" dagoela esan nahi baitu. Ildo horretan, anai-arreben arteko euskararen erabilera %88koa da. "Familia misto gehienetan euskaraz egiten dute anai-arrebek beren artean eta familia guztiz erdaldun batzuetan ere bai". Haur eta gaztetxoen hizkuntza ohiturak baikorrak badira ere, gurasoen joera bestelakoa da. Gurasoen %55ak beren artean gaztelaniaz hitz egiten dute. "Kontutan hartuta  familien %64an bi gurasoak euskaldunak direla, horrek esan nahi du asko direla biek euskaraz jakin arren, beren artean gaztelaniaz hitz egiten duten gurasoak" nabarmendu dute udaletik. Bestetik, gurasoek beste guraso batzuekin %53-57 artean hitz egiten dute euskaraz, euskaraz dakiten gurasoek portzentaia %74-78koa izan arren. "Horrek erakusten du euskaldun dezentek ohitura dutela lagun artean gaztelaniaz jarduteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide