Azpeitiko Udalak harremanak euskaraz izateko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 13a

Eskaera hori, gutun baten bitartez egin du Azpeitiko Udalak baina oraindik ez du erantzunik jaso. Kontxita Martija, udaleko Euskara batzordeburuak adierazi duenez: "Azpeitia herri euskalduna da eta herritarren beharrei erantzuna emanez, euskaraz funtzionatzen dugun udala gara". Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin euskaraz egiteko eskubideaz hitz egin du Martijak: "Euskara gure hizkuntza da eta era berean, udalak onartutako administrazioa euskalduntzeko asmoan marraztutako bideari jarraitzen zaio". Euskararen normalizaziorako eman beharreko pausoa dela eta UEMAko hainbat udaletan ematen ari diren urratsetan "txertatzen" dela dio udaleko Euskara batzordeburuak: "Eskaera honen bitartez, udalek euskara hutsez lan egiteko daukaten eskubidea bermatzeko eskatzen diogu Aldundiari eta Jaurlaritzari". Normalizazio horren bidean administrazioen "lidergotza" izan behar dutela dio Martijak: "Herritarrengatik gertuen diren erakundeak direlako". Euskararen normalizazioari dagokionez, Azpeitiko Udalak "pauso txiki bat" eman duela dio Martijak: "Zenbat eta udal gehiago izan euskaraz lan egiten dugunak, gero eta errazagoa izango da maila guztietan euskaraz lan egitea".    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide