Landa eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Orion asteazkenean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urriaren 14a

[caption id="attachment_112286" align="aligncenter" width="300"]Hitzez Elkarteko ordezkariek jardunaldian parte hartuko dute. Hitzez Elkarteko ordezkariek jardunaldian parte hartuko dute.[/caption] Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da bihar, eta Euskal Autonomia Erkidegoko landa eremuko emakumeen ordezkariak Orion bilduko dira; Orioko Herri Ikastolako areto nagusian egingo dute ekitaldi ofiziala. Landa Emakumeen Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak antolatu du jardunaldia Landa Eremuko emakumeak berezko dirdirarekin. ARGIA proiektua lelopean. Bertan, hitzaldien, aurkezpenen, eta dinamika parte-hartzaileen bidez landa eremuko emakumeen lana argitara emango dute, eta modu horretan, gizartearen errekonozimendua lortu nahi dute. Urtero ospatzen dute emakume baserritarrek beren eguna, eta aurtengoan Gipuzkoan biltzea tokatzen zenez, Hitzez Elkarteko kideek Orio herri aproposa izan zitekeela pentsatu zuten. «Herri arrantzalea da Orio, baina landa eremuko emakumeok eta arrantzale giroko emakumeek ezaugarri eta arazo berak ditugu hein batean. Horregatik, batzarra Orion egitea elkarren berri izateko bidea izan daitekeeela pensatu dugu», azaldu du Rosa Aramendi Hitzez Elkarteko ordezkariak. Ikus-entzunezko aurkezpena Biharko jardunaldian Landa Emakumeen Batzordeak Argia izeneko proiektua aurkeztuko dute. «Batzordeko kideok hilean behin bilerak egiten ditugu gure beharrez eta arazoez hitz egin eta horiei konponbidea bilatzeko. Hortik abiatuta sortu dugu proiektua; behar horiek gizarteratzeko helburuarekin», zehaztu du Aramendik. Ildo horretatik, landa eremuko hainbat emakumeren esperientzia biltzen duen ikus-entzuneko bat egin dute, eta bihar aurkeztuko dute Orioko jardunaldian. «Gure lana askotan ezkutuan geratzen da. Horregatik, landa eremuko emakumeontzat oso garrantzitsua da erreferenteak izatea, gure lanetik abiatuta zertara iritsi gaitezkeen konturatzeko balio baitigu. Hori oso garrantzitsua da emakumeok motibatzeko». EGITARAUA: - 09:00-09:30. Jardunaldian parte hartuko dutenei harrera egingo diete. - 09:30-10:15. Jardunaldiaren hasiera. Ekitaldian parte hartuko dute: Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzearen Garapenerako eta Europar Politiketarako zuzendari Elena Gutierrez Perez del Notariok, Orioko alkate Beñat Solaberrietak, Orioko Herri Ikastolako zuzendari Zigor Saizarrek, Hitzez Elkarteko Rosa Aramendik eta Emakundeko Zuzendari Izaskun Lanbaidak. - 10:00-11:30. Ekimen eta esperientziak partekatuko dituzte. - 11:30 12:00. Atsedena. - 12:00-14:00. Dinamika parte-hartzailea. Zer pentsatzen dugu guk? gaiaren inguruan. - 14:00etatik 14:15era, ondorioak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide