TSren salerosketan aurreko lanpostuak mantendu ditzaten eskatu dute langile ohiek

Ane Olaizola 2014ko urriaren 13a

[caption id="attachment_112567" align="aligncenter" width="300"]TSko langile ohi batzuk, gaur, agerraldian(Ane Olaizola / Hitza) TSko langile ohi batzuk, gaur, agerraldian
(Ane Olaizola / Hitza)[/caption] Ostegunean amaitzen da Zestoako TS Fundiciones enpresa erosteko eskaintzak aurkezteko epea, eta hango langile ohiek "euren lantokian lan egiteko eskubidea" aldarrikatu dute. "Behinik behin, enpresa horren etorkizuneko jardueran, guk hor egon beharra daukagula pentsatzen dugu". Hala adierazi dute gaur TSn lanean aritu ziren 40 lagun inguruk egin duten agerraldian. Lanpostuak mantentzeko borrokan jarraituko dute horiek behintzat, eta ostegunera bitartean lantoki aurrean txandak egingo dituzte, hara joaten diren erosle interesatuei euren nahia adierazteko. Uztailean likidatu zuten TS Fundiciones, eta orain konkurtso administratzaileari dagokio lantegia zeini eta zer balditzetan salduko den epaileari proposatzea. Langile ohiek esan dutenez, badaude erosle interesatu batzuk, eta hura zeini saldu erabakitzeko "sortuko den enplegua" izango da gakoetako bat, "baina ez dago batere garbi". Horien ustez, salerosketaren prozesuan langile ohiek egon behar dute, "gure industria jarduera eskuzko fundizioa delako, hau da, makinak pertsonak direlako eta gu bezala inork gutxi dakielako lantegi honetan lana ondo nola egin. Ez trebatutako langileak garelako bakarrik; krisiak hain zorrotz zigortutako eskualdean ezin dugulako onartu lanpostu gehiago suntsitzea". TSko langile izan zirenek enpresa bideragarria dela eta izango dela berretsi dute, eta lanpostuak galtzea ekidin daitekeela irizten diote. "Pertsonak diruaren aurretik" jar ditzatela eskatu diete agintari politikoei, enpresen arduradunei, konkurtso administratzaileei eta erakundeei. Horretarako, ostegunera bitartean enpresa aurrean egongo dira txandaka, talde txikitan banatuta, eta enpresa ikustera joaten direnei idatzi bat emango diete, langabezian dauden arren, "oraindik ere TS Fundicioneseko langile sentitzen gara" esanez. "Erabaki oker ugariren ondoren, enpresa itxieraren ondorioak guk eta gure familiek jasan ditugu. Hala ere, guk enpresa bideragarria dela sinesten dugu oraindik", diote idatzian. Han irakur daitekeenez, enpresa erosteko aurkezten dituzten proiektuek hiru oinarri izan beharko ditu langile ohien ustez: "TSko lanpostuak mantetzea, proiektu industrialaren sendotasuna eta sortuko diren lanpostuetako lan baldintzak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide