Zarauzko EAJko alkategai Xabier Txurrukak Udal Gobernuaren "kudeaketa falta" kritikatu du etxebizitza politikari dagokionez. Haren arabera, Zarautzek "estutu handi baten premia" du: "Uste dugu beste erritmo bat sartu behar zaiola babestutako etxebizitza proiektuen kudeaketari". Salbide Zaharreko etxebizitzen kasua aipatu du: "Erabat onartezina iruditzen zaigu babes ofizaleko etxe baten eta bost tasaturen zozketa egiteko, obra bukatu zenetik bi urte behar izatea. Azken bi urte hauetan sei etxebizitza berri horiek hutsik egon dira. Ez dugu ulertzen".
Txurrukaren arabera, Aldapeta eta Salberdineko proiektuak "ezinbestekoak" dira etxebizitza eskariari "premiazko erantzuna" emateko. Lehenbizikoari dagokionez, EH Bildu "lozorroan" dagoela nabarmendu du Txurrukak: "Hiru urte behar izan ditu funikularra bi igogailurekin ordezkatzeko erabakia hartzeko". Eta salatu du denbora horretan ez dela "gai izan" dokumentuak aurkezteko: "Oraindik ere ez digute aurkeztu promozioaren bideragarritasun ekonomikoaren azterketa, eta ezta kalitateen memoria ere. Urbanizazio proiektua ez dago onartuta, eta edifikazio proiektua ere itxi gabe dago. Behin eta berriz esan dugu beharrezkoa dela plan berezia aldatzea etxebizitzen proiektura egokitzeko, oraindik ere plan bereziaren araudi partikularra ez dutelako betetzen. Proiektuan izan diren aldaketak barne hartzeko, juridikoki nahikoa ez den xehetasun azterketa erredaktatu dute. Pauso bat ematen dute aurrera, eta bi atzera. Horrela ez dago aurrera egiterik”.
Hauteskundeen aurretik, ordea, "hondeamakinak nola edo hala" jarri nahiko dituela martxan. "Zegokion bezala kudeatu balute hiru urteotan obrak bukatuta beharko lukete eta zarauztarrek Aldapetan bizitzen egon beharko lukete". Aldapetarekin gertatzen ari dena Udal Gobernuaren "etxebizitza politika okerraren erradiografia" dela dio.
Salberdinen inguruan ere Udal Gobernuak "hiru urte geldirik" eman dituela ohartarazi du, halaber. Hori dela eta, mozioa aurkeztu zuten maiatzeko osoko bilkuran. Horrek tramiteen onarpenari berrekiteko balio izan duela jakinarazi du Txurrukak, eta "pozik" dago. "EH Bilduk hiru urte behar izan ditu proiektu hori estrategikoa dela konturatzeko. Asko da, baina sekula ez da berandu".
EAJko alkategaia bera izan da Salberdingo plana idatzi duena, eta hortaz, aurrerantzean emango dituzten pausoei jarraipena egingo dio. "Beldur gara Bilduk ez ote duen tentazioa edukiko hasierako planaren barruan Udalak eta bizilagunek hartutako konpromisoak murrizteko”. “Salberdin da herriko erdigune geografikoa garatu eta berritzeko proiektu gakoa. Hiru urtetan zehar, Bildu beste alde batera begiratzen egon da, bere lehentasunekin tematuta. Zarautzen etxebizitzaren arazoa konpontzeko galdutako legealdia izango den irudipena dugu”.
