Hilaren 20ra bitartean aurkeztu ditzazkete artistek beren lanak Ikusi Arte ekimenean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urriaren 10a

  [caption id="attachment_112307" align="aligncenter" width="300"]Ikusi Arte ekimena aurkeztu dute. (Egilea: Aiora Larrañaga) Ikusi Arte ekimena aurkeztu dute. (Egilea: Aiora Larrañaga)[/caption] Ikusi Arte ekimenak Zarautz erakusketa areto erraldoi bihurtuko du azaroaren 3a eta 16a bitartean. Zarauzko Murkil Dendarien Elkarteak eta Xpressionk taldeak Udalaren laguntzarekin antolatzen duten egitasmoak 10 urte beteko ditu aurten eta urteurrena ospatzeko aldaketak izango ditu Ikusi Artek. "Aurtengoan ez dugu modalitate artistiko soil bat jorratuko. Margolanek, eskulturek eta teiluek, argazkiek eta karikaturek besteak beste kategoria berean parte hartuko dute, artelanen aniztasuna sustatuz" azaldu dute antolatzaileek. Ikusi Artek kultur ekimen irekia izan nahi du eta modu berean "herriko merkataritza dinamizatzea" du helburu. Horretarako, Zarauzko 65 dendatako erakusleihoetan artisten lanak ikusgai jarriko dituzte. Erakusketa izateaz gain, lehiaketa ere izango da eta gehien gustatzen den artistak 500 euroko erosketa bonoa eta Torre Luzean erakusketa jartzeko aukera irabaziko ditu. Ekimenean parte hartu nahi duten artistek urriaren 20a arte izango dute beren lanak aurkezteko aukera, bakoitzak 7-12 obra aukeratu eta horiei argazkia atera beharko die. Jasotzen dituzten proposamen guztiak aztertuko ditu antolakuntzak eta erakusleihoetara hoberen egokitzen direnak aukeratuko dituzte ekimenean parte hartzeko. Ikusi Arten parte hartu nahi duten artistek oinarriak ikusgai dituzte www. murkil.com helbidean; horretaz gain, murkilwebberria@hotmail.com helbidera idatzita zehaztapen guztiak jasoko dituzte. Zarauzko Udaleko Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek eskerrak eman dizkie Murkil elkarteari eta Xpressionk taldeari 10 urtetan zehar "artearen kontsumoa normalizatzeko egindako ahaleginagatik". Ildo horretan, artistak ekimenean parte hartzera animatu ditu eta zarauztarrak eta bisitariak azaroaren 3a eta 16a bitartean arteaz gozatzera gonbidatu ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide