Zarauzko Udal Gobernua: "Biribilgunearen kostuaz EAJk batuketa interesatuak egin ditu"

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 10a

EAJk «gezurra esateko borondatea edo ezjakintasuna» duela salatu du Zarauzko udal gobernuak. Alderdi jeltzaleak ohar bidez adierazi zuen Nafarroa kaleko biribilgunea aurreikusitakoa baino 106.000 euro gehiago kostatu dela eta ez duela oinezkoen segurtasuna bermatzen. Baina EH Bilduk nabarmendu du EAJk «batuketa interesatuak» egin dituela. Azaldu du guztira zehatz-mehatz 383.884,44 euro kostatu dela. Hasieran 277.512,12 euroko aurrekontua izango zuela aurreikusi zuen, eta obra amaieran %5,10 areagotu zen kostua. «Lanak egin ahala sortu diren behar berriei erantzuteko» kontratatu dituzten obra osagarriengatik igo da aurrekontua. Horien kostua 87.749,45 eurokoa da. Lanak Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak egin dituzte, elkarlanean. EH Bilduk esan du, «hasieran adostu bezala», udalak espaloiak zabaltzeko, bidegorri sarea hedatzeko eta zebrabide berriak egiteko lanak ordaindu dituela, eta gainontzekoa, berriz, aldundiaren esku geratu dela. «Horrenbestez, udal kutxatik obraren %31 ordaindu da, eta gainontzeko %69 aldundiko iturritik». Halaber, hierarkia zaindu duela adierazi du. Haren arabera, oinezkoek orain «onura berriak» dituzte: espaloi zabalagoak eta N-634 errepidea gurutzatzeko bi zebrabide berri—obra egin aurretik bakarra zegoen— semaforoz erregulatuta. Bizikleta erabiltzaileek ere berdin: Jautarkol eta Lizardi kaleen artean bidegorriaren lotura egin da. Garraio publikoari dagokionez, «errepide horretan sortzen diren zirkulazio arazoengatik, udako ordutegia betetzeko zituen zailtasunak nabarmen hobetu dira, joan den sasoian zerbitzu egokiagoa emanez». «Begi bistan gelditu da biribilguneak duen eragin zuzena bidegurutze horretan, zirkulazio arazoak desagerrarazi eta alternatiba berria emanez Nafarroa kalean norabide aldaketak egin ahal izateko». 1,3 milioi «ezertarako» EH Bilduk gogor egin du EAJren aurka: «Udal gobernu honentzat adierazgarriena da, EAJk udalean utzi duen arrasto negargarria ikusita, beste norbaiti kudeaketa gardenean lezioak ematen ibiltzea: polikulturalarekin egin zuen kudeaketa ezagututa, udal funtsetik 1,3 milioi euro ezer ez egiteko erabilita dieta gastuetan, eta larriagoa dena, inori horri buruzko inolako azalpenik eman gabe». Nabarmendu du politikari batzuek «lotsa guztiak galdu» dituztela: «Eta okerragoa dena, EAJk erakusten du edozer egiteko prest dagoela, lehen bezala 1,3 milioi euro ezer ez egiteko xahutzeko aukera izateko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide