[caption id="attachment_112220" align="aligncenter" width="300"]

Iazko garagardo azokan mus txapelketa.[/caption]
Gaur arratsaldean hasiko da aurtengo Garagardo Azoka Azpeitian. Iraurgi Saskibaloi Klubak antolatu du seigarren urtez herriko Berdura Plazan, eta laguntza izango du Azpeitiko Udalaren, Bertan Merkatari Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren partetik. Gaur gauean azokari hasiera emateko, Unai Iparragirre eta Mireia Epelde txirrindulariak omenduko dituzte.
Gaur, bihar, urriaren 17an eta 18an egongo da aukera azokan parte hartzen duten garagardoak dastatzeko. Gainera, aurtengo azokan garagardo marka berri bat egongo da: Smithwick’s irlandarra.
Protagonista garagardoa bada ere, adin guztientzako egitaraua antolatu dute. Izan ere musika, kontzertuak, jolasak eta pailasoen ikuskizunak antolatu dituzte egun horietarako. Ekintza horiez gain, aurtengo azokarako ere Mus Txapelketa azkarra antolatu dute.
Garagardo Azokak berrikuntzak ere baditu. Esaterako, solomoa eta gazta ogitartekoa eskatzeko aukera egongo da, eta antolatzaileek adierazi dutenez, Berdura Plazan afaldu nahi dutenentzat «eskaintza bereziak» egongo dira: besteak beste, garagardo pitxarra euro batean salduko dute.
VI. Garagardo Azokaren antolatzaileek azpimarratu dutenez, hainbat aldaketa egin dituzte afariak erreserbatzerako orduan: «Azokan ibili ohi den jende kopurua dela eta, erreserbak egiterako orduan pertsona bakoitzak 5 euro aurreratu beharko ditu». Erreserbak gaur egin daitezke 17:00ak baino lehen Iraurgi SBko Tabernan, eta ondoren azokan bertan.
Aurten lehendakari berria
Bestetik, aurten azoka lehendakari berriarekin dator. Izan ere, Maier Lizasok hartu du Iraurgi SBko lehendakari kargua, Iñaki Uria azkoitiarraren lekukoa hartuta. «Lana egiteko gogo handiarekin» dagoela esan du Lizasok, eta garagardo azokarako lan talde bat osatu dutela: «Duela hiru edo lau aste hasi ginen hau antolatzen. Kluba ez da oso handia, beraz, talde lanean aritu gara».
Iaz aurrekoetan baino jende gutxiago ibili bazen ere, aurtengoan «jendea animatzeko» itxaropena dute: «Azpeitiko Garagardo Azoka indartsua izaten da. Azkenean, ohiko zerbait bihurtu dela iruditzen zaigu, eta herritarrek gustura hartzen duten zerbait da».
Garagardo Azokak kluba diruz laguntzeko balio duela dio bertako lehendakariak, baina herritarrei eskainitako ekintza bat ere badela adierazi du.
EGITARAUA:
Urriak 10, ostirala
- 20:00etan. Iraurgi SB Klubeko taldeen aurkezpena.
- Ondoren. Unai Iparragirre eta Mireia Epelde txirrindulariei omenaldia.
- Musika zuzenean. Amamantzako guapuek musika taldea.
Urriak 11, larunbata
- 18:00etan. Poxpo, Poxpolin, Inaxito eta Joxepo pailazoen ikuskizuna.
- Musika zuzenean. The romanticos.
Urriak 17, ostirala
- Musika zuzenean. Downtown trio + Piti (Elvisabuelo) kontzertua.
Urriak 18, larunbata
- 16:00etan. Mus Txapelketa azkarra.
- Musika zuzenean. Azkaiter Pelox.