Azkoitiko 2015eko udal aurrekontuetako diru partida bat herritarrek proposatuko dute

Ane Olaizola 2014ko urriaren 10a

[caption id="attachment_112214" align="aligncenter" width="300"]Esther Lizarralde eta Urrategi Alberdi, atzo, aurkezpenean (Ane Olaizola/Hitza). Esther Lizarralde eta Urrategi Alberdi, atzo, aurkezpenean (Ane Olaizola/Hitza).[/caption] Azkoitiko Udalak martxan jarriko du hirugarren urtez Danon Herrixe parte hartze prozesua, hurrengo urteko aurrekontuak osatzeko herritarrek euren ekarpenak egin ditzaten. Aurreko urteetan emandako urratsetatik eta egindako balorazioetatik abiatuta diseinatu dute aurtengo prozesua, eta hain zuzen, oraingoan «ahalik eta herritar gehienengana» iritsi nahi dute, eta horien erabakimena «handitu» egingo dute. Aurreko urteetan ez bezala, aurrez ezarritako diru partida bat herritarren esku jarriko dute, haiek erabaki ditzaten 2015erako proiektu batzuk. Aurtengo Denon Herrixen prozesuak funtzionamendu desberdina izango du. Diptiko bat banatu dute etxez etxe, eta horren bidez jasoko dituzte jendearen proposamenak. Udal eraikinetan eta landa auzoetako taberna edo elkarteetan kutxak jarri dituzte horretarako, eta diptikoen, udalaren webgunearen eta sare sozialen bidez ere egin daitezke ekarpenak, hilaren 15a baino lehen. Jasotako ideia guztiak aztertuko ditu udalak, bideragarriak diren jakiteko. Aukeraketa eginda, bozkatuko dituzten proiektuen berri emango dute azaroan, eta ondoren bilera orokor bat egingo dute; han bozkatuko dituzte hurrengo urtean egingo diren proiektuak. Bilerara joaten ez direnentzako, ordea, udalak aurreratu du bozketa egun gehiagotara zabalduko dutela, eta hainbat bideren bidez eman ahalko dela botoa. Bilera horretan, gainera, udal gobernuak bere aurrekontu proposamena aurkeztuko du, eta azken urteetako aurrekontuen, diru sarreren eta gastuen bilakaera azalduko du. Herritarren ahalmena handitu Azaroan jakinaraziko dute zenbat diru izango duen herritarrek erabakiko duten gastu-inbertsioetarako partida horrek. Oraingoz, udalak identifikatu dituen hainbat behar ere helarazari dituzte: besteak beste, Azkoitiko emakumeen historia berreskuratzeko ikerketa egitea, alfabetatze ikastaroak doan eskaintzea herritarren euskara maila hobetzeko, zakurrentzat gune bereziak sortzea, etxez etxeko zerbitzua indartzea, ordu gehiago eskaini eta eskaera gehiagori erantzuteko, herri barruko bidegorria egitea, enpresen aktibitateen errolda egon eta ingurumenean duten eragina aztertzea, saskibaloiko jokalekua berritzea, kalte gehien duten espaloiak konpontzea, eta eskola gunean ordu jakin batzuetan sortzen den zirkulazio arazoa konpontzea. Proposamen horiek ere mahai gainean egongo dira, baina udalak azpimarratu du herritarrek edozein arlotako ekarpenak egin ditzaketela. Herritarren ahalmena handitu Esther Lizarralde alkateordeak garrantzia eman dio egitasmo honi: «Danon Herrixekin abiatutako bidea gardentasun ariketa izateaz gain, parte hartze kultura lantzeko eta indartzeko prozesua ari da izaten: herritarrei aurrekontuen inguruko eta udal politiken inguruko informazioa helaraztearekin batera, herritarren iritzi eta ekarpenak jaso, eta herritarrek politika publikoetan eragiteko ahalmena handitu nahi dugu». 2012an abiatutako proiektuaren eraginez, herritarrek proposatutako hainbat proiektu egin dituzte; hala nola, Urbanue autobus zerbitzua, San Martingo espaloia eta tenis pistak berritzea, auzolanaren partida eta hondakinei erantzuna emateko foroa sortzea. Hala, herritarrak animatu dituzte parte hartu dezaten, «guztien iritziak direlako garrantzitsuak».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide