Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jaien atzera begirada egin du Goiko Kaleko Festa Batzordeko kide Garbiñe Manterola Agirrezabalagak (Orio, 1979). Izan ere, 10 urte pasa dira festak antolatzea bururatu zitzaienetik.
Hasieran zein helbururekin antolatu zenituzten jaiak?
Orain 10 urte bildu ginen lagun koadrilak oso presente genuen Goiko Kaleko festetako estanparen bat edo beste. Txikitako oroitzapenak, adibidez: frontoi atzeko aldapatik korrika ikusten genuen geure burua buruhandiak atzetik eta adrenalina gorputzean genuela. Pena genuen festa eder hark ez zuelako jarraipenik, eta hura berreskuratu nahi izan genuen. Baina festa batzordearen helburu nagusia Goiko Kaleak herrian beharko lukeen garrantzia berreskuratzea zen eta da. Gure erronka nagusia zen jendeak Goiko Kale beste betaurreko batzuekin ikusi eta sentitzea, bere aukera anitzak gozatuz. Izugarri leku ederra da, eta kanpotar askorentzat, eta herritar batzuentzat ere, oraindik ezezaguna.
Pentsatzen al zenuten auzotarren artean harrera ona izango zuela?
Bai, hasiera-hasieratik. Horrela izan da urte hauetan guztietan, gainera. Auzotarrak izan gara festak sortu eta festak aurrera eraman ditugunak. Haiek gabe ezinezkoa izango litzateke 10 urte luzez festak antolatzea. Festek, batez ere, auzoaz disfrutatzea dute helburu, eta auzoa auzotarrek osatzen dute.
Urtez urte festak auzoan errotzen joan al dira?
Protagonismoa herritarrak du Goiko Kaleko festan. Herritarrok sortu eta herritarrok gozatzen dugun festa da, eta hortxe dago errotzearen gakoa. Hori izan da festa batzordearen filosofia hasiera-hasieratik. Urtero-urtero ekintza berak antolatzen ditugu jendeak hori nahi duelako. Tokak, zinta jokoak, kantu herrikoiek... dute harrera onena. Xumetasun horrekin asteburu polit bat pasatzea da denon helburua, eta 10 urteotako garapena ikusirik, badirudi jendeak gustura hartzen dituela festak.
Zailtasunik izan al duzue bidean?
Bai. Kontrakoa esatea gezurra litzateke. Gu antolaketetan hasi ginenean bazen beste festa batzorde bat, Errosarioko Amabirjinaren prozesioa eta txokolatada antolatzen zituena. Udala eta bi festa batzordeetakoak ados jartzea ez zen erraza izan. Hala ere, auzotarrek lehenengo urtetik laguntza eskaini zuten. Zerbait sortu nahi genuen, eta herriarentzat eta auzoarentzat positiboa izango zen zerbait eskaini. Laguntza ekonomikoa eta logistika erraztasunak lortzea asko kosta zen hasieran. Arrazoi honengatik, lehenengo urteetan geuk ordaindu behar izan genituen festak. Urteek eta gure jardunak konbentzitu egin ditu herritarrak, eta lortu dugu agintariek ere gure lana begi onez ikustea. Urte batzuetatik hona erraztasun dezente izan dugu alderdi guztietatik.
10. urteurrena izanda, ez duzue ohiko egitaraua antolatu. Zergatik?
Aurten dena izango da desberdina. Urte hasieran gure indarrak neurtu egin genituen. Pasa den astean ospatu zen Kilometroak, eta festa batzordeko gehiengoak Ikastolaren jaiaren antolakuntzan parte hartuko genuenez, aurten festak ez antolatzea erabaki genuen. Baina hamargarrena zenbaki borobilegia izan, eta ospatzeak merezi zuela ere erabaki genuen. Horregatik, aurten festak antolatu ez, festen iraupena ospatzea pentsatu genuen. Batzuetan frenoa bota eta egindakoaz disfrutatzea tokatzen da, eta aurtengoa da horretarako urtea. Hurrengo urteetan ere izango da festak antolatzeko nahikoa indar.