Ikasturte berria hasi du Zarauzko Sortaldeak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko urriaren 10a

Ekin dio Sortaldea kultur eremuak udazkeneko egitarauari. Dagoeneko ikusgai dago Txopitea arte sorkuntzarako beka irabazi zuen proiektuaren inguruko erakusketa. Estaliz berpiztu proiektuagatik jaso du Iago Rey de la Fuentek beka hori, eta horren helburua Zarauzko hainbat eskultura estaliz, horrek herritarrengan piztuko lukeen arreta aztertzea da. Izan ere, «azkenean, egunerokotasunak ikusezin bihurtzen du inguruan dugun artea, eskulturak eta artelanak paisaiaren barruan ohiko bihurtuz», uste du egileak. Zarauzko ondare artistikoa hartu du abiapuntu gisa; zehazki, herriko zenbait eskultura. Rey de la Fuenteren erakusketarekin batera, beste bat ere bisitatu ahalko da: argazkizale elkartearen erakusketa kolektiboa, alegia. Bestalde, gogoratu dute gune horretan izango direla Artezaleak taldeak antolatutako ikastaroak. Iaz lehenbiziko aldiz lekualdatu zituzten talde horren eskolak Ebro Etxeatik Sortaldeara, eta aurten ere erabaki bera hartu dute. «Izenak berak dioen bezala, sormenerako gune bezala ulertu behar baita Sortaldea». Egunean 80 lagun inguru Ohi bezala, kultur eskaintza zabala izan da udan itsas pasealekuko gune horretan. Batez beste eguneko 80 lagunek hartu dute parte Sortaldeako ekintzetan, izan ikastaroetan, izan erakusketetan, izan hitzaldietan, kontzertuetan nahiz gainerako kultur ekitaldietan. Helduentzako lau ikastaro eskaini dituzte sasoi horretan: larruaz, serigrafiaz, sushiaz eta argazkilaritzaz. Horien balorazio positiboa egin dute Conunpuntomas taldeko kideek, Sortaldea udan kudeatu dutenek. Parte hartu dutenen %30 kanpotarrak izan dira. Antolatzaileen arabera, «kulturaren aldeko pauso bat» izan da udan Sortaldean antolatu dituzten erakusketak. Hamabostaldiko bana izan da ikusgai, eta batez ere, taldeko inaugurazioetara gerturatu den jende kopurua nabarmendu dute. Halaber, «herriko sortzaileen lana balorean jarri eta bultzatzeko» sortu duten Tako Zarautz erakusketa aipatu dute. Zarauzko argazkizaleen egurrezko takoetan inprimatutako 150 artelan txikirekin osatu dute erakusketa hori. Kontzertuei dagokienez, balorazioa ez da ikastaroen eta erakusketen ingurukoa bezain baikorra izan. Ez da hainbeste jende bertaratu. Ordutegiagatik izan litekeela adierazi dute, eta horregatik, datorren udako kontzertuen ordutegia aurreratzea aztertuko dute. Conunpuntomas taldekoek beste eragile batzuekin elkarlanean eskaini dituzte udan zenbait ekintza. Elkarlan hori ere modu positiboan baloratu dute taldekoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide