Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urriaren 19an mendizale gaztez beteko da Zumaia, Gipuzkoa osotik ia mila haur etorriko baitira Finalisten Eguna ospatzera. Eskola Kirolaren barruan kokatuta dagoen ekintza da Finalisten Eguna. Eskolen bitartez, hainbat kirol egiteko aukera bultzatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak, tartean mendizaletasuna, eta ikasturtean zehar egindako ekintzak biribiltzeko ospatzen da Finalisten Eguna. Horrela, 2013-2014 ikasturtean gutxienez zazpi mendi igo dituzten gaztetxoek ziurtagiri bana jasoko dute.
Urtero Gipuzkoako herri bat aukeratzen da mendizaletasunaren festa hau ospatzeko. Iaz, esate baterako, Donostian egin zen. Aurten Zumaiaren txanda izango da, eta Inda Mendi elkarteko kideak arduratuko dira antolatzeaz. «Gipuzkoa sei eskualdetan dago banatuta, eta festa txandaka antolatzen da, eskualdez eskualde; horrela, sei urtetik behin, Urola Kostari dagokio Finalisten Eguna antolatzea, eta eskualdearen barruan aurten Zumaiari», azaldu dute Inda Mendiko kideek.
Haurrekin batera, haien gurasoak ere etorriko dira Zumaiara. Goizean, mendi buelta bat egingo dute, Inda Mendiko kideek gidatuta. Lehenik haurrak abiatuko dira, 09:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazatik. Ondoren, atzetik, helduak. Zailtasunik gabeko ibilbidea prestatu diete Inda Mendiko kideek, paisaiaz gozatzeko aukera izan dezaten: «Ibilbidean aurkituko duten punturik garaienak 150 metro dauzka, Santa Klara inguruan». Gaztetxoek 6,5 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta helduek pixka bat luzexeagoa, 8,4 kilometrokoa.
Eskola kirolean parte hartu duten haurrentzako festa eguna da bereziki, baina nahi duen orok har dezake parte. Haurren kasuan, ikastetxean eman dezakete izena. Urriaren 16ra arte zabalik dago aukera. «Mendizaletasuna piztu eta Zumaia ezagutzeko aukera ona izan daiteke Gipuzkoako haur askorentzat, eta ate hori zabalik dute».
Dena ondo atera dadin, Inda Mendik 70 lagunez osatutako taldea du lanerako, eta eskertu nahi dute boluntarioen partetik jaso duten erantzuna. Kanpotik etorriko diren autobusek Sarauneko zabalgunean izango dute aparkatzeko lekua, Balenciaga ontziolaren ondoan.