Udazkenean zientzia eta teknologia saioak itzuliko dira Zarautzera

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 9a

IMG_6297 Irabazi asmorik gabeko elkartea da Zarautz On, eta horren helburua, besteak beste, zientziari eta teknologiari buruzko jakintza zabaldutzea da, pertsonen garapena bultzatzeko eta ezagutza areagotzeko grina pizteko herritarrengan. Horretarako, udan atseden hartu ondoren, udazkeneko kanpaina betea antolatu dute zarauztar horiek. Urriaren 14tik hasita eta abenduaren 9ra arte—hamabost egunetik behin, asteartetan izango dira—  hainbat ekintza izango da herrian, "asmoak saretzen jarraitzeko". Horien artean, bereziki bat nabarmendu dute: Zarautzen Zientziaz Blai ekimena. Zarautz Oneko kideak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea udalerrira ekarriko dute. Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatu ohi duen ziklo "hiriburuetatik eta zentro teknologikoetatik atera" eta Modelora eramango dute azaroaren 11ean. Protagonistak zarauztar gazteak izango dira, teknologia eta zientzia alorrean punta-puntako profesionalak. Eurek lantzen duten alorrari buruz hitzaldi motzak eskainiko dituzte: Jurgi Gonzalez de Chavarrik polimeroei buruz; Mikel Abadiak materialen estalduraz; Asier Lizarriturrik industria farmazeutiko eta ospitaletako robotez eta Harbil Arregik garraiobideetan erabiltzen den teknologiaz, besteak beste. Ekimen horri bukaera "motibagarria" emate aldera, Felix Goñi biokimikan eta biologia molekularrean katedradunak ere hartuko du parte. Ez da zarauztarrek gidatuko dute ekitaldi bakarra izango. Hain zuzen, Zarautz Onekoek antolatu dituzten bost ekitalditatik hiru eskainiko dituzte zarauztarrek. Zarautz Zientziaz Blaiko hizlariez gain, Xabier Alberdi historia garaikidean doktore eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideak  Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Euskal Herriko espiritu ekintzailearen ausa eta ondorioak XVIII. mendean hitzaldia emango du urriaren 28an eta  Veronica Cazalis kinesiologa eta neuroenergetikan diplomadun zarauztarrak eskainiko du abenduaren 9ko ekitaldia, Haur izatearen zailtasunak hitzaldiarekin. Gazteak erakarri nahi dituzte hitzaldi sorta horrekin, eta dagoeneko Lizardiko eta Oteitzako arduradunekin harremanetan jarri dira, ikasleak bertara daitezen. Hala ere, ekimen oro irekia dela gogoratu dute, eta edonork har dezakeela parte. Hitzaldi bakoitzaren ondoren afaritxoa egingo dute hizlariekin, solasaldiak segida izan dezan. 20 euro inguru kostako du horrek. Egitarau oso horrekin "herritarren buruan finkatu" nahi dute Zarautz On ekimena. Teknologiari eta zientziari buruzko jakintza zabaltzeaz gain, ziklo horrek bazkide berriak lortzeko balioko du. Egun 25 bazkidek osatzen dute elkartea, eta jende gehiagok parte hartzea nahi dute. Hori dela eta, bazkide izan nahi  dutenek hitzaldietara bertaratu ahalko dute, eta 688-674193 edo 652-702442 telefonoetara deitu  informazio zabalagoa jasotzeko. Egitaraua: Ekitaldi guztiak Antoniano aretoan izango dira, Zarautzen Zientziaz Blai salbu. Horrek jende gehiago erakarriko duela-eta, Modelo aretoan izango da. Urriak 14, asteartea - 19:30. Garunaren funtzionamentua eta zaintza hitzaldia, Poliklinikako Parkinsonaren Azterketa Zentroko zuzendari eta neurologo Gurutz Linazasororekin Urriak 28, asteartea - 19:30. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Euskal Herriko espiritu ekintzailearen ausa eta ondorioak XVIII. mendean hitzaldia, Xabier Alberdi historia garaikidean doktore eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidearen eskutik. Horrekin lotuta, Azkoitira bisita egingo dute azaroaren 8an, bertan sortu baitzen elkarte hori. Azaroak 11, asteartea - 19:30. Zarautzen Zientziaz Blai hitzaldi sorta, herriko hainbat aditu gazteren eskutik. Felix Goñi biokimikan eta biologia molekularrean katedradunak itxiko du ekitaldia. Azaroak 25, asteartea - 19:30. Nolakoak izango diren produktu adimendunak eguneroko bizitzan hitzaldia, Joseba Laka Teknaliako IKT dibisioko zuzendariaren eskutik. Abenduak 9, asteartea - 19:30. Haur izatearen zailtasunak hitzaldia, Veronica Cazalis kinesiologa eta neuroenergetikan diplomadun zarauztarraren eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide