Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Tokiko euskarazko hedabideen diru laguntzak onartu dituzte Azpeitiko Udalean. Aho batez hartu zuten euskarazko komunikabideen aldeko erabakia atzoko udalbatzarrean Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek. Hala, beste urte batez UROLA KOSTAKO HITZA, Uztarria Komunikazio Taldea eta Erlo Telebista lagunduko dituzte, euskararen normalizazioaren bidean.
Azpeitiko Udalak 27.000 euro emango dizkio HITZAri. Uztarria-k 31.000 euro jasoko ditu, eta Erlo Telebistak, berriz, 6.000 euro.
Eneko Etxeberria alkateak adierazi duenez, udalak «euskara estrategiakoaren alde» egiten du, eta horren ondorioz hedabide hauen alde «apustu» egiten jarraitzea erabaki dute: «Gehiago egitea gustatuko litzaiguke, baina egoera honetan hau da gure planteamendua».
Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak esan zuen bere alderdia ere ados dagoela «euskara estrategikoarekin», baina, hala ere, azterketak eta jarraipenak egin behar direla azpimarratu zuen: «Diru laguntzak ematen ditugunez, guk ere beraien barne eztabaidetan egon beharko genukeela uste dugu».