Hika hitz egiten ikasi edo hobetu nahi dutenentzat ikastaro bat antolatu dute

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urriaren 9a

Eskualdean ohikoa da adineko pertsonak entzutea elkarren artean hika hitz egiten. Dena dela, gazteak gero eta gutxiago aritzen dira hitanoan, eta joera horri buelta eman nahi diote eskualdeko euskara zerbitzuek. Hala, Urola Kostako Udal Elkarteak eta eskualdeko euskara batzordeek ikastaro bat antolatu dute hika hizketan hasteko urratsa eman nahi dutenentzat edo gaian sakondu nahi dutenentzat. Iñaki Iturain oriotarrak emango du ikastaroa. Lehenik eta behin 10 orduko prestaketa teorikoa egingo dute. Eta gero, sei orduko mintza praktika saio gidatuak egingo dituzte. Ikastaroa hika hitz egiten ikasi edo hobetu nahi dutenei eta hitanoa ezagutu eta gaurko joerak aztertu eta ezagutu nahi dituzten pertsonei dago zuzendua. «Euskaraz jakitea nahikoa da. Ikastaroa egin eta etekina ateratzeko euskaraz hizketan ondo moldatu behar da, besterik gabe. Izan ere, euskararen erregistro zehatz bat lantzeko da eta beheko urratsetan euskara ikasten ari denak ez luke gauza handirik ikasiko», zehaztu dute antolatzaileek. Talde iraunkorra sortzera Udal Elkarteko Euskara Sailetik jakinarazi dutenez, helburua hika hizketan hastea eta herritarren artean hitanoaren inguruko ezagutza zabaltzea da. Udal elkarteko euskara teknikari Xabier Urdangarinek azaldu duenez, ideia eskualdeko udaletako euskara zerbitzuei eta euskaltegiei sortu zitzaien: «Mintzalagun programa antolatzeko bileretan sortu zitzaigun hitanoarekin antzeko zerbait egiteko asmoa; hika hizketan ikasteko eta, batez ere, egiteko zerbait antolatzea, alegia». Pentsatu eta egin. Iaz antolatu zuten lehen aldiz ikastaroa, eta «arrakasta polita» izan zuela adierazin dute. «15 lagun elkartu ziren taldean. Lehendabizi ikastaroa egin zuten, hitanoa zer den, noiz eta nola erabili eta adizkiak ikasteko. Ondoren, mintza-saio gidatuak egin zituzten». Balorazio ona izan zuen ikastaroak, «asko ikasi zutelako. Hala ere, mintza-saio gidatuen ondoren ezinezkoa izan zen talde iraunkorrak sortzea, batez ere agenda arazoengatik», azaldu du Urdangarinek. Aurtengoan urrats bat aurrera eman, eta mintza talde iraunkorra sortu nahi dute. Urdangarinen esanetan, hitanoarekin bi gauza ari dira gertatzen: «Alde batetik, transmisioa huts egiten ari da, eta erabiltzen duten gazteen kopurua behera doa. Bestetik, gazteek ez dituzte betetzen hitanoa noiz eta nola erabiltzeko aurreko belaunaldiek sortu eta eraikitako arauak, eta arau berriak eraiki dituzte». Horregatik, hitanoaren erabileraren inguruan kontzeptuak argitzeko ikastaroa oso baliagarria izan daitekeela uste dute. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek urriaren 23a baino lehen eman beharko dute izena Urola Kostako AEKn 943-130175 telefono zenbakira edo Urola Kostako Udal Elkartean 943-890808 telefono zenbakira hots eginda.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide