Tasak eta zergak izoztuko ditu Azpeitiko Udalak 2015ean

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 8a

Proposamena atzo onartu zuten aho batez urriko osoko bilkuran. Aurtengo kopuru berak mantentzea erabaki dute. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi duenez, zerga, tasa eta prezio publikoak "politika aurrerakoiak, herritarren bizi baldintzak eta justizia sozialean sakontzeko tresnak" dira. Ekitatea, progresibitatea eta birbanaketaren aldeko apustuak egitearen garrantzia azpimarratu du alkateak: "Gehien duenak gehiago ordaintzea, gutxien duenaren mesedetan". Hala ere, alkatearentzat pedagogia lan handia egin beharra dago herritarrei erakusteko udal zerbitzuen kostua zein den eta doan ez dela. Alkatearentzat azpeitiarrak krisiaren eragin "nabarmenak" jasaten ari dira, "inguruko herriek baino gehiago. Herritar askok lana galdu dute, eta udalak salbuespen gisa ahalegin berezia egitea aztertu du arlo honetan". Azpeitiko Udalak adierazi duenez, KPI zergaren erreferientzia hartu dute erabaki hau hartzerako orduan. Izan ere, iazko abuztutik aurtengo abuztura %-0,5 egin du behera. Hiru arrazoigatik erabaki dute tasak eta zergak izoztea: ekonomia suspertzeko,  herritarrak jasaten ari diren krisi egoeragatik eta zerbitzu publikoen jasangarritasunaren arduragatik.  Azken horren harira, zerbitzuen kostuak arduraz kudeatu behar direla esan du udalak, eta horren ondorioz, zerbitzu bakoitzari dagokion zerga, tasa eta prezio publikoak jarriko direla. Udalak eskainitako hobariak Alkateak adierazi duenez, Ondasun Higiezinen Zergak ez du igoerarik izango: "Neurria alokairu sustapenarekin lotu dugu, eta ematen den kasuistika egokitzen joatea proposatu dugu". Kiroldegiaren eta zaborren tasetan ere, ez da igoerarik egongo. Ibilgailuen zerga dela eta, garraio publikoa erabiltzeko "esfortzuarekin" jarraitu beharko dela dio udalak. Azpeitiar langabetuei, diruz larri direnei eta familia ugariei Kirol eta Euskara Patronatuetan eta Gizarte Zerbitzuetan laguntzak eskaintzen jarraitzea erabaki du udalak: "Egoera sozial eta ekonomiko larria dutenei, hobariak eta ordainketen atzeratzeak aplikatuko dizkiegu". Familia ugarien kasuan, aurreko urteko planteamendua mantentzea erabaki da: "Familia ugari izaera ez ezik, hauen diru sarrerak ere kontuan izango ditugu", azpimarratu du udalak. Ingurugiroaren arloan, kotxe elektrikoak eta hibridoak erosten dituztenek %50eko hobaria izango dute Zirkulazio zergan, eta autokonpostaren kasuan, "birziklatzearen aldeko apustua" egiten duten herritarrek %25eko hobaria izango dute. Etxeberriak adierazi duenez, ekonomia arloan "bizin dugun egoera larriari aurre egiteko" hainbat erabaki hartu dira: - Herrian negozio berriak ireki edo berrikuntzak egiten dituztenek obren baimena %75 merkeago ordaintzeko aukera izango dute. - "Ekonomia sustapenerako neurri gisa", industriako ibilgailuetan (kamioiak, atoitzeak, autobusak eta traktoreak) ez da igoerarik egongo. - Industriako hobariak banaka eta kasuz kasu aztertuko dituzte. - Azpeitia egoitza bezala aukeratzen duten enpresa berriei %50eko hobaria egingo zaie Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan. - Alokairua sustatzeko asmoz, etxebizitza hutsen OHZri %50eko gainkarga ezarriko zaie. - Sustapen plangintzarekin lotuta, baserritarrek eta bertako produktuak saltzen dituztenek %50eko hobaria eskuratuko dute. - Higiezin industrialetan ordaintzeko arazoak dituzten enpresei zergen atzeratzea onartuko zaie.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide