Juan Inazio Sudupe: "Kaleak bide motza du laguntzarik gabe; badakite hori umeek"

Ane Olaizola 2014ko urriaren 8a

Azkoitiko Anaitasuna Futbol Taldeak antolatuta, elkartasun partida bat jokatuko dute gaur Txerloian. Osasuna eta Eibar taldeek eskainiko dute norgehiagoka, 18:00etan, eta bildutako dirua Gazteak eta Garapena gorbenuz kanpoko erakundera bideratuko dute. Horiek Beningo kaleetan bizi diren umeei laguntzeko proiektuak egiten dituzte. Helduek hiru eurotan izango dute sarrera, eta ume eta gazteek euro batean. Anaitasunak antolatutako ekimena «oso gustura» hartu du erakundeak, eta biziki eskertu dituzte Eibar, Osasuna eta Anaitasuna futbol taldeak, udala eta Azkoitiko herria. Hain zuzen, uztailean izan ziren Beninen Juan Inazio Sudupe (Azkoitia, 1957) eta Jexux Larrañaga Floreaga ikastetxeko irakasleak eta Gazteak eta Garapeneko kideak, proiektua nola dagoen ikusteko. Porto Novo Beningo hiriburuan egon ziren, eta euren proiektuaz eta hango egoeraz hitz egin dute HITZArekin. Zerekin egin duzue topo Beninen? Hirugarren aldia da han izan naizena. Azkenengoz duela bost urte egon nintzen, eta Beningo egoera okertu egin dela ikusi dut: errepideak okerrago daude eta politikari dagokionez, herritarrek konfiantza gutxi dute. Azken urteetan Benin errepublika demokratiko bat izan da, baina une hauetan, badirudi agintariek oposizio osoa erosita dutela, eta luzatu egingo da egoera hori. Elikagaiak gero eta garestiago daude, eta oso larri dabiltza. Nigeria ondoan dute, Beninen aldean potentzia handia da hura. Oso erraz igarotzen dira Beninera, eta janaria eurek ordaindu dezaketen prezioan aurkitzen dute. Kalean dauden umeen kopurua ere hazi egin da. Cotonu hiriko zabortegietan egon gara. Ikusi dugu umeak oinetakoen burdinak, latak... hartzen zituztela, bizirauteko. Egoera oso larria dute han. Beningo kaleetan bizi diren umeak laguntzen dituzue. Nola? Hiru etapa ditu proiektuak: lehenengoan, azoketan, kaleetan eta gurasorik gabe bizi direnekin hartu emana egin eta ahal bada familiarekin harremana egiten dute. Arlo horretan gure presentzia handitu egin da. Duela bost urte izan nintzenean, azokan postu bat genuen, eta gaur bost daude. Bertan, eskolaratzen eta alfabetatzen hasteko aukera eskaintzen zaie, askok ezin dutelako. Etxe bat ere eskaintzen diezue. Bigarren etapan, kalea utzi eta eskolan hasi nahi dutenentzat On Bosco etxea eskaintzen diegu, Porto Novon. Janaria, garbiketa eta osasun zerbitzuak ematen zaizkie han. Izan ere, urteetan aurrera egin ahala ez dute limosnarik edo laguntzarik jasotzen. Eskolara sartzea zaila den kasuetan, lan mundura sartzen laguntzen diegu. Hirugarren fasean, ikastetxean edo lanean dagoena eta besteekin bizitzeko gai dena Magone zentrora bideratzen dugu. Nola iristen dira kalean bizitzera? Arrazoi askok eragiten dute umeak kalean bizitzea. Pobrezia handia dago, eta gurasoek askotan ezin izaten dute seme-alaba elikatu. Iparraldean, herri nekazari oso pobreetan, umearen kargu ezin badute egin, ezagun edo senideei uzten diote, hark aurrera aterako duelakoan. Askotan, ordea, ez da hala gertatzen. Esplotatutako ume asko daude. Poligamia ere ohikoa da; senarrak, lehenengo emaztearekin bizi den artean zaintzen ditu bi horien umeak. Bigarren emaztearekin, berriz, lehenengoarekin edukitako seme-alabak ez ditu laguntzen. Sorgintzat dituzten umeek ere ihes egin behar izaten dute, eta batzuetan gugana etortzen dira ume horiek, edo poliziek ekartzen dizkigute. Kalea gogorra izango da benetan. Lan txikiak eginez, batzuetan aurrera egitea lortzen dute. Baina, segurtasun eza handia dago. Adinean aurrera egin ahala, etorkizun eskasagoa dutela ohartzen dira. Gaixo edo gose daudenean, ez dute inor laguntzeko. Halakoetan kaleak bide oso motza du, eta badakite horrek etorkizunik ez duela. Gazteak eta Garapena taldea ari al da emaitzarik izaten? Duela 26 urte sortu zen proiektua, eta orain hirugarren belaunaldian gaude. Proiektuan egon den ume batek lanerako diploma lortzen badu, eta autonomo lanean hasten bada, gure laguntza jasotzen du. Batzuetan lana lortutakoek gero eskatu izan dute eurak hezitzaile izatea gure proiektuan, eta hala egin dugu belaunaldiz belaunaldi. Proiektua oso ondo doala ikusi dugu. Umeak ondo zainduta daude, eta dirua ondo bideratzen da hara. Janaria ere bidaltzen dugu, eta batek pentsa dezake hori limosna dela. Baina larri dabiltza. Garai batean, Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen soberakinak ziren artoa eta garia iristen zitzaizkien, baina biodieselarekin hasi ginenetik ez dago soberakinik, eta ordutik oso larri dabiltza. Iraupen ekonomia dute han. Ekintza ugari egiten dituzue urtean zehar. Nola erantzuten du jendeak? Ondo. Hemengo egoera ere larria da, eta askok esaten dute hemen ere behar direla laguntzak. Egia da, baina zerikusirik ez dute hemengo eta hango krisiek. Hangoa luzeagoa eta larriagoa da. Laguntzen ditugunak autonomoak izan daitezen nahi dugu, eta pauso handiak eman dira tailer txikietan lan egin dezaten. Nola sortu zen zuen erakundea? Salestar ikasle ohi batzuk sortu zuten justiziaren eta elkartasunaren alde ahalegin txiki bat egin nahian. Pixkanaka taldeak sortu dira, batez ere salestarren mugimenduarekin lotuta. Azkoitian duela 15 urte inguru sortu zen, eta geroago ofizialki erregistratu eta kanpainak antolatzen hasi ginen. Ikastetxean ere, aukera ematen dugu Solidaritate taldean parte hartzeko. Urtean zehar solidaritate pintxoa, bigarren eskuko denda, Santa Ageda eskea, Gabonetako janari bilketa, zozketa... egoten dira, eta urte osoan dugu bekak emateko aukera. Gaia aldatuz, puri-purian dagoen kontua da Ebolarena. Beninen ikusi al duzue gaitz honen eraginik? Beninen ez dago, baina Nigeria alboan dauka, eta muga oso irekita dutenez, ez da harritzekoa izango pixkanaka gaitza zabaltzen joatea. Malaria bai, ikusi dugu. Ebolarekin baino gehiago hiltzen da Malariarekin Afrikan. Ebolarekin gertatzen ari dena lotsagarria da, aspalditik baitago Afrikan, eta orain arte ez die axolarik izan. Malariarekin gertatzen den bezala, farmazia industriaren interesengatik oraindik txertorik ez edukitzea ere lotsagarria da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide