Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lapatx Zabortegiaren bulegoa Azpeitiko Berdura Plazan kokatzeko asmoak Azkoitiko EAJren kritikak eragin zituen. Aurrena Urola Erdiko Mankomunitateak erantzun zion alderdiari, eta orain Azpeitiko Udalaren erantzuna etorri da, ohar bidez. Bere ustez «larriak» dira Azkoitiko EAJk eginiko adierazpenak, eta ezin dira erantzun gabe utzi. Azkoitiko EAJk salatu zuen Azkoitiak eta beste hainbat herrik Azpeitiko Berdura Plazako obrak ordaindu beharko dituztela. Azpeitiko Udalak argi erantzun du: «Azkoitiak eta bere herritarrek ez dute zentimorik ordainduko obrak egiteko».
Lapatxen egoitza Azpeitiko Berdura Plazan jartzeko hitzarmena sinatu zuten iaz Azpeitiko Udalak eta Mankomunitateak. Egoitza horren kokapena ere salatu egin zuen Azkoitiko EAJk. Izan ere, orain arte Azkoitian zegoen bulegoa. Azpeitiko Udalak dio egoitzak Azpeitian egon behar duela: «Zabortegia Azpeitiko udalerrian dago, eta bere ondorioak azpeitiarrek jasaten dituzte. Beraz, Mankomunitateko estatutuak argiak dira». Azkoitiko EAJk egoitza berri bat eraikitzea proposatu zuen. EH Bilduren ustetan, eraikin bat berritzea egokiagoa da, «sinergiak eskainiz».
EH Bilduk argi du Azkoitiko EAJk egindakoa «estrategia politikoa» izan dela: «Gezur bat askotan esatea baino okerragoa da egia bat erdizka esatea». «Azkoitiko EAJk adierazi nahi izan du Azkoitiko udal gobernuak amore eman duela azpeitiarren aurkako lehian, eta bi herrien arteko aurkaritasun giroa sortu nahi izan du». Izan ere, Azkoitiko EAJk uztailean esan zuen azpeitiarrek azkoitiarrei «gol sorta» sartu ziela gai honetan. EH Bilduk EAJri esan dio hauteskundeak irabazteko edozerk ez duela balio, eta bi herrien arteko konfrotazioetan ez dutela sinisten gaineratu dute: «Azpeitiaren eta Azkoitiaren arteko lehia ez da erreala. Guk behintzat bi herrien arteko bat egitean eta gertutasuenan sinisten dugu».