Lucia Martiño eta Jatyr Berasaluze, txapeldun Zarauzko olatuetan

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 7a

la foto 2 Sasoian.info

Gogotsu, eraginkor eta surfean arin. Txapelketako txanda guztietan nabarmendu zen Lucia Martino asturiarra, eta hala Euskal Zirkuituko bigarren txapela lortu zuen. Horren aurrean, gutxi egin ahal izan zuten Ariane Ochoak, Maddi Aizpuruak eta Naia Erostarbek. Olatu batean egindako bira indartsu bati esker 7 puntu eskuratu zituen Martinok, eta horrek finala erabakita utzi zuen bukatzeko 5 minutu geratzen zirenean. Maddi Aizpuruak merezitako bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen; Ariane Ochoak hirugarren postuan amaitu zuen, eta Naia Erostarbek laugarren.

 Hodei Collazo, Eneko Acero, Imanol Yeregi, Ethan Egiguren, Ander Mendiguren, Jatyr Berasaluze, Norman Landa, Yassine Ramdani, Markos San Segundo...euskal surfaren hoberenak lehiatu ziren gizonezkoetan. Txandak ziztu bizian igarotzen ziren protagonisten ikuskizunari esker, sinezgaitzeko maniobrak ez ziruditen zailak Yeregi, Collazo, Acero eta beste guztientzat. Baina ezusteak ere egon ziren: Imanol Yeregi zumaiarra bigarren txandan geratu zen kanpoan igandean; Eneko Acero finalaren atarian geratu zen; eta Yassine Ramdanik, Zarauzko marokoarrak, erakutsitako maila. Berea izan zen notarik altuena, 9.93 punturekin. Erregularrena Jatyr Berasaluze izan zen, eta beretzat izan zen txapela. Hodei Collazo zarauztarra podiumeko bigarren koskara igo zen.

la foto 1

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide