Palestinako emakumeen egoeraz hitz egingo dute gaur iluntzean Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 8a

Palestinako eta Euskal Herriko emakumeen sareak ehunduz izenburua duen hitzaldia eskainiko dute gaur arratsaldean Emakumeen Txokoan. Bertako hizlariak Silvia Carrizo Malen Etxeako langilea, Saioa Iraola Bilgune Feministako kidea eta Beatriz de Lucas UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko langilea izango dira. Hitzaldi honen helburua da iazko ekainean EAEko hamar elkarte feministatako ordezkariek Gazako zerrendara eta Zisjordaniara eginiko bidaiaren bizipenak azaltzea. Beatriz de Lucasek UROLA KOSTAKO HITZAri adierazi dioenez, bidaiarekin ezagutu nahi izan zuten Palestinako herrialdeetan sortu diren elkarte feministen lana eta Israelen okupazioak eta boikotak emakume palestinarrengan duen eragina: «Egoeraren irakurketa feminista azaldu nahi dugu, eta bidaia horretan ezagutu genituen elkarteen lan estrategiak azaldu». Besteak beste, azalduko dute Gazako eta Zisjordaniako elkarteek zein estrategia erabiltzen dituzten emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko. Baita israeldarren okupazioaren aurka indarkeriarik gabeko borrokan parte hartzen duten emakumeen istorioak ere. Emozionalki bidaia «oso gogorra» izan zela esan du de Lucasek. Hala ere, esan du gauza positibo batekin gelditzen dela: bertan ezagutu zituen emakumeen antolakuntzarako gaitasunarekin. «Palestinako gizartearen ehuna dira». UNRWAko langileak esan du gaurko hitzaldia Palestinarekin elkartasuna edo hurbil sentitzen den edonori zuzendutakoa dela: «Batez ere Palestinako emakumeen egoerarengan interesa duenarentzat da», gaineratu du. De Lucasek bidaian hamabi elkartetako kideekin egoteko aukera izan zuen, guztiak emakumez osatuak, eta haiek beren egoeraren berri eman zieten: «Arazo garrantzitsuenetako bat da bertako emakumeen eskubideak hautsita daudela Israelek Gazako zerrendan eta Zisjordanian ezarri duen blokeoaren ondorioz». «Erresistentzia gaitasuna» Israelek Palestinan duen okupazioa «areagotzen» ari dela dio de Lucasek, eta horren ondorioz, bertako emakumeen eskubideak mugatzen ari direla esan du: «Bertako emakumeak bizi diren egoeran, oso zaila da aurrera jarraitzea. Israelen blokeoa altxatu gabe, ezinezkoa da Gazako emakumeek aurrerapausoak emateko aukerak izatea». Dena den, ez du ikuspegi negatiborik zabaldu nahi: «Bidaia osoan zehar erresistentzia gaitasun ikaragarria somatu genien bertako emakumeei. Oso argi dakite zein den Palestina aske bat lortzeko jokatu behar duten papera», azpimarratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide