Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zarauzko Udalak diptiko bat kaleratu du Zarauzko hondartzaren inguruan. Bertan azaltzen da eremuaren nolakotasuna, askotariko guneak zeintzuk diren, bakoitzaren ezaugarriak, itsasoan sartzerakoan jarraitu behar diren aholkuak, surfa praktikatzeko zein eremu diren egokiak, zein ezagutza izan behar diren kirol hori egiteko, larrialdietarako telefono zenbakiak eta beste hainbat kontu. Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak gogoratu du gai hori azkenaldian jorratzen jardun duela erakundeak surfak izan duen gorakada medio, eta kasualitatea izan dela igandean jazo dena.
«Ezbehar tristea» gertatu zen igandean Zarauzko hondartzan: berrogehi urte inguruko surflari hil ziren, iruindarrak eta anaiak. Gertakaria ez dela «ohikoa» nabarmendu du Illarramendik: «Zarauzko hondartza famatua da bertan egiten den surfagatik. Urtean milaka surflari pasatzen dira bertatik, eta ez da batere ohikoa halako istripu bat gertatzea. Ez gaude ohituta».
Ezbeharraren unean aplikatu zen protokoloa «egokia» izan zela ohartarazi du Aser Lertxundi Kirol zinegotziak, eta bertara laguntzera heldu ziren guztiek euren papera «ongi» bete zutela. «Azkartasunez eta zuhurtziaz jokatu zuten». Surf eskolako begiraleen eta gainontzeko surflarien jarduna ere eskertu du, «halako momentu batean hartu zuten lanagatik».
Lertxundiren esanetan, udalaren helburua halako gertaerak sahiestea da. Zentzu horretan, «arautzea baino aholkatzea ezinbestekoa» da surfaren praktikari dagokionez. «Guk lantzen jarraitu behar dugu surfa praktikatzera datorren jendeak ezagutza izan dezan eta gozatu dezan kirol honekin». Asko hasiberriak izaten direla ohartarazi du, eta zentzu horretan kaleratu dute diptiko hori. «Zarauzko korronteak aldakorrak dira, egunero aldatzen dira... Kontzeptu hauek oso kontuan eduki behar dira, eta hori guztia irakurtzen jakin beharra dago itsasora sartzerakoan».
Surf dendatan, surf eskolatan eta Zarauzko Turismo Bulegoan daude dagoeneko eskuragarri diptiko horiek.