Idazkera lantzeko 25 orduko ikastaroa antolatu dute Orion

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 7a

Karkara Taldeak eta Orioko Udalak idazkera lantzeko ikastaroa antolatu dute Gabonak bitartean. Miren Etxeberria itzultzaile oriotarra izango da irakaslea eta bertan idazten ikasiz, euskara eguneratuko eta sakonduko dute parte-hartzaileek. Euskaltzaindiak emandako azken arauak ikasiko dituzte eta informazioa modu zuzen eta koherentean adierazteko oinarrizko kontzeptuak landuko dituzte. Antolatzaileek zehaztu dutenez, euskara maila ona izanda, ofizioz nahiz afizioz idazteko premia edo gogoa dutenei dago zuzendua: "Bereziki, karkara.com komunitatean idazten dutenei, herriko taldeetan parte hartzen duten herritarrei, ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleei, irakasleei, kazetariei eta adiministrazio langileei besteak beste". Ikastaroa 25 ordukoa izango da eta 10 saiotan banatuko da. Klaseak arratsaldez izango dira 18:00etatik 20:30era, baina antolatzaileek oraindik ez dute zehaztu asteko zein egunetan izango diren. Ikastaroa 50 euro kostako da eta bertan parte hartu nahi dutenek, Karkarako bulegoan edo Kultur Etxean eman dezakete izena urriaren 17a arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide