Euskaraz bizi-bizi egitasmoak denboraldi berria abiatuko du ostegunean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urriaren 7a

[caption id="attachment_111767" align="aligncenter" width="300"]Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren barruan egitarau oparoa antolatu du Orioko Udalak. (Egilea: Onintza Lete) Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren barruan egitarau oparoa antolatu du Orioko Udalak. (Egilea: Onintza Lete)[/caption] Ikasturte berria hasi da eta hurrengo hilabeteetan ere udalak euskara arloan aurrera pausuak ematen jarraitzeko asmoa du. Euskaraz bizi-bizi egitasmoak ere denboraldi berria hasiko du aste honetan bertan; egitasmoaren helburua orain arte bezala oriotarren kontzientzia linguistikoan eragitea izango da, herritarrek euskaraz bizitzea aukera dezaten eta euskarak erabilera esparru berriak irabaz ditzan. Horretarako herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela jakin badaite Euskara Batzordeko kideek eta pixkanaka-pixkanaka oriotarrak horretaz konturarazi nahi dituzte. Euskararen arnasgunea da Orio, baina udalak egindako azken euskara azterketaren arabera, oraindik euskararen normalkuntza arloan lan asko dagoela egiteke ondorioztatu zuten. Euskararen erabilerarik baxuena «esparru intimoenetan» gertatzen dela jakin zen azterketan eta Orioko Udaleko ordezkariek uste dute azken urtetan «esparru publikoan urrats garrantzitsuak" eman direla, baina aurrerantzean "eremu pribatua" landu behar dela. Ildo horretan, herritarrek euskararen erabilera bultzatzeko zeresana badutela iritzi du udalak eta oriotarrek Euskaraz bizi-bizi 2014-2017 plan estrategikoa osatzen parte-hartzea nahi du. Horretarako bi bilera egingo dituzte. Lehenegoa bihar izango da 19:00etan Salatxo Aretoan eta bigarrena hilaren 15ean, datorren asteazkenean, ordu eta toki berean. Egitarau oparoa udazkenerako Euskararen inguruko hausnarketaz gain, aisialdi egitarau oparoa antolatu du Orioko Udalak Euskaraz bizi-bizi lelopean. Ostiral gauean izango da udazkeneko lehen ekitaldia, Hiru antzezlana eskainiko dute 22:30tik aurrera Kultur Etxen. Udaletik jakinarazi dute antzerkiko sarrerak bost euro kostako dela eta txartelak aldez aurretik erosi behar direla Kultur Etxean bertan. Lehena ez beste emanaldiak doan izango dira. Urrian Mixel Etxekopar musikari zuberotarrak Pilotarhitza ikuskizuna eskainiko du eta Xabier Lizaso pianojoleak Kultur Etxean kontzertua emango du. Horretaz gain, Orioko Udalak herriko eragileekin elkarlanean antolatzen dituen ekitaldiak ere Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren baitan antolatu dituzte. Asteburuan izango den Baleada mendi irteera eta Iñaki Iturainen Gerra bat barruan degula liburuaren aurkezpena besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide