Hasi du Zarauzko Sortaldeak ikasturte berria

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 7a

Ekin dio Sortaldea kultur eremuak udazkeneko egitarauari. Dagoeneko ikusgai dago Txopitea arte sorkuntzarako beka irabazi zuen proiektuaren inguruko erakusketa. Estaliz berpiztu proiektuagatik jaso du Iago Rey de la Fuentek beka hori, eta horren helburua Zarauzko hainbat eskultura estaliz, horrek herritarrengan piztuko lukeen arreta aztertzea da. Rey de la Fuenteren erakusketarekin batera, beste bat ere bisitatu ahalko da: Argazkizale elkartearen erakusketa kolektiboa, alegia. Bestalde, Artezaleak taldeak antolatutako ikastaroak gune horretan izango direla gogoratu dute. Iaz lehenbiziko aldiz lekualdatu zituzten talde horren eskolak Ebro Etxeatik Sortaldera, eta aurten ere erabaki bera hartu dute. "Izenak berak dioen bezala, sormenerako gune bezala ulertu behar baita Sortaldea". Eguneko 80 pertsona Ohi bezala, kultur eskaintza zabala izan da udan itsas pasealekuko gune horretan. Bataz beste, eguneko 80 lagunek hartu dute parte Sortaldeko ekintzetan, izan ikastarotan, izan erakusketetan, izan hitzalditan, izan kontzertutan eta izan gainerako kultur ekitalditan. Helduentzako lau ikastaro eskaini dituzte sasoi horretan: larruaren, serigrafiaren, sushiaren eta argazkilaritzaren ingurukoak. Horien balorazio positiboa egin dute Conunpuntomas taldeko kideek, Sortaldea udan kudeatu dutenek. Parte hartu dutenen %30a kanpotarrak izan dira. Antolatzaileen arabera, "kulturaren aldeko pauso bat" izan da udan Sortaldean antolatu dituzten erakusketak. Hamabostaldiko bana izan da ikusgai, eta batez ere, taldeko inaugurazioetara gerturatu den jende kopurua nabarmendu dute. Halaber, "herriko sortzaileen lana balorean jarri eta bultzatzeko" sortu duten Tako Zarautz erakusketa aipatu dute. Zarauzko argazkizaleen egurrezko takoetan inprimatutako 150 artelan txikirekin osatu dute erakusketa hori. Kontzertuei dagokionez, balorazioa ez da ikastaroen eta erakusketen gaineko balorazioa bezain "baikorra" izan. Ez da hainbeste jende bertaratu. Ordutegiagatik izan litekeela adierazi dute, eta horregatik, datorren udako kontzertuen ordutegia aurreratzea ala ez aztertuko dute. Conunpuntomas-ekoek beste eragile batzuekin elkarlanean eskaini dituzte udan zenbait ekintza. Elkarlan horren balorazio positiboa egin dute baita ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide