Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urriaren 12arekin batera, Elosun Mendi Ganadu Azoka egingo dute hogeita hamaseigarren aldiz. Azkoitia eta Bergara arteko auzoan giro herrikoia nagusituko da beste urte batez, eta ohi bezala, jan-edanaren postuak, ganadua, trikitilariak eta erakustaldiak izango dira egunean zehar. Azkoitiko Udalak, bere aldetik, autobus zerbitzua antolatu du auzora joan eta handik herrira itzultzeko.
Elur Txiki elkarteak antolatu du egun osoko egitaraua, Azkoitiko eta Bergarako udalen eta Elurmendi elkartearen laguntzarekin. Elosuko eta inguruko ganaduen erakusketa egingo dute goizetik auzoan, baina aurtengoan ez da sari banaketarik izango. Antolatzaileen esanetan, arrazoi ekonomikoengatik kendu dituzte sariak, baina hala ere, azokak berez duen erakusketa kutsua mantendu nahi izan dute: «Ganaduzale ia gehienak Elosukoak izaten dira, eta horiek animaliak erakustera etortzen dira, bateren bat saltzera etortzen bada ere. Beraz, sariak emateak zentzu handirik ez duela iritzi diogu aurten».
Horrez gain, beste hainbat berrikuntza ere izango dira igandeko azoka ezagunean. Aurten, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Sahatsa eta Itsasi dantza taldeek eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolak Dantza Jauziak emanaldia eskainiko dute lehenengo aldiz. Hileko bigarren igandeetan Azpeitiko plazan eskaintzen dituzte emanaldiak, herritarrak ere dantzara animatuz, eta oraingoan, Azpeititik Elosura joango dira taldeak: «Elosuko azokan egon nahi zutela esan ziguten, eta guri ezin hobeto iruditu zaigu, Elosura ere jende asko etortzen baita dantzara, eta giro polita sortuko dute».
Iaz Elosuko plaza berrituta ospatu zuten ganadu azoka. Dema plaza berria estreinatu zuten orduan, eta aurten ere erakustaldia egingo dute. Gainera, lehenengo aldiz bi emakume arituko dira itzai lanetan. Batetik, Belarretaren idiak izango dira Bentoste harriarekin, eta Joxe Ramon Salegi Belarreta eta Ainhoa Ibartzabal Iketza izango dira itzaiak. Kortatxoren idiekin, berriz, Patxi Elorriaga eta Idoia Ormazabal itzaiak ariko dira lanean. Juanjo Sagastibeltzak gidatuko du saioa.
Urtero bezala, trikitilariek girotuko dute eguna, eta Azkoitiko Nafar Zuzterrak taldeak ekitaldia egingo du Elosuan zegoen Iriaun gazteluaren lekuan. Era berean, autobusak egongo dira Azkoititik Elosura joateko. Egun osoan zehar egongo da zerbitzua, eta Azkoititik, Eroski txiki aurretik, K5 taberna aurretik eta Altzibartxotik abiatuko da auzora. Bergaran, berriz, Burdinetan egongo da autobus geltokian.
urriak 12, igandea. Egitaraua:
- 09:30. XXXVI. Ganadu Azokaren irekiera.
- 12:00. Nafar Zuztarrak taldearen kalejira Iriaun gaztelura.
- Jarraian. Iriaun gazteluan ekitaldia.
- 12:30. Azpeitiko Kultur Mahaiak, Sahatsak, Itsasik eta Ikasberri ikastolako dantza eskolak antolatutako Dantza Jauziak ikuskizuna.
- Jarraian. Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariak.
- 17:30. Idien erakustaldia 1.500 kiloko auzoko Bentoste harriarekin.
- Ondoren. Erromeria, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariekin.
- Iluntzean. Auzo afaria Ixaun jatetxean, erromeri giroan.