Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko Atez Atekoaren Aurkako Plataformak salatu du Andramari festetan plazan protesta gisara jarri zituzten zabor poltsa urdinak kendu egin zizkietela, eta horren aurrean azalpenak eskatu dizkio udalari. Azaldu dutenez, abuztuaren 14rako jarri zituzten poltsak jubilatuen tabernako balkoietako batean, sistema mistoaren protesta gisa. «Tabernako arduradunen baimenarekin zintzilikatu genituen, baina kenduta zeuden 10:00etarako, eta haien ordez beste aldarrikapen batzuk jarri zituzten».
Gertaera argitzeko eskatu diote udalari: «Udaleko agintariek hala aginduta, udal langileek kendu zituzten». Besteak beste, poltsak zergatik kendu zituzten eta halakoetan jarraitu beharreko «prozedura egokia» zein den galdegin dute, agerraldi baten bidez. «Jakin nahiko genuke ea herrian kartel eta banderak jartzen direnean baimen protokolo berak erabiltzen al diren, edo nork eta zer jartzen duenaren arabera, udalaren baimena desberdina den». Gertaeraren inguruko kexa aurkeztu dute udaletxean, baina esan dutenez, ez dute erantzunik jaso.
Horrez gain, birziklatzeraren beharra azpimarratu dute: «Hala izan ezean, egungo edukiontziak kendu ditzaten lagunduko diegu, bakoitzari dagokion frakzioa uzten ez den aitzakia erabiliz atez ateko hutsa jarriko baitute». Era berean, herritarrak animatu dituzte zabor poltsak berriro zintzilikatu ditzaten balkoietan, «udalak hartutako erabaki politiko eta antidemokratikoaren protesta gisa».