Azkoitiko EAJk salatu du «aurrekontuetako proiektu ugari egin gabe» daudela

Ane Olaizola 2014ko urriaren 7a

Azkoitiko EAJk berriz esan du apirilean Bidea Eginez aldizkarian argitaratutako kontuak «egiak» zirela, EH Bilduk bere aldizkarian esandakoari erantzunez. Besteak beste, udaleko politikari eta langileen soldata igoerak, dimisioak eta Urola Erdiko Mankomunitatearen egoitza berriaren inguruan esandakoari eutsi diote, eta udal gobernuaren kudeaketa eta udalaren kontu ekonomikoei dagokienez, «dirurik ez dagoela esaten duten arren», Azkoitiko Udalak iaz milioi bat euroko superabita izan zuela gogoratu dute. Horren harira, kritikatu dute «dagoena ez gastatzea», eta iazko aurrekontuetako «proiektu ugari» oraindik hasi gabe daudela adierazi dute. Besteak beste, aipatu dute Bizkargi kale atzeko errepidea ez zutela asfaltatu, bainu publikoak ez zituztela egin eta ur zikinen araztegi sistema ez dutela berritu. Aurtengo aurrekontuei dagokienez ere, hainbat proiektu oraindik egin gabe daudela salatu dute: «Bizkargi plazako filtrazioak konpontzea, hango bidea asfaltatzea, Floreagako espaloia konpontzea, baserri bideak seinalizatzea, Xabier Munibe Ikastolan hainbat konpontze lan egitea, argiteria publikoa berritzea...» Ekonomia sustatzea helburu Udala laster hasiko da hurrengo urteko ordenantza fiskalak lantzen, eta EAJk bere proposamena aurkeztu du. «Ekonomia sustatzea» du helbururik nagusiena udal tasa eta zergak zehazteko, eta horretarako, besteak beste, proposatu dute azken urteetan galerak izan dituen enpresei ez kobratzea industriari dagokion Higiezinen Gaineko Zergarik. Merkatari txikiei uraren tasa finkoa mantentzea edo Ur Kontsortzioaren mugara jaistea ere proposatu dute, «askok ez dutelako ia kontsumorik». EAJren iritziz, Azkoitiko Kale Nagusia, eta batez ere Goiko Kalea «husten» eta «degradatzen» ari dira, eta horri irtenbidea emateko asmoz, merkatariek egiten dituzten obretan, horri dagokion zerga ez ezartzea eta hobariak jarri ditzaten eskatu dute. Bestetik, hondakinen gaineko tasak ere biztanle kopuruaren arabera ordaintzea eta birziklatzen duenari hobaria jartzea eskatu dute. Etxebizitza hutsei  ezartzen zaien %100eko gainkargak emaitzarik izan duen jakiteko balorazioa egiteko beharra ere azpimarratu dute EAJko ordezkariek, «ez badu funtzionatu, beste bide batzuk aztertu beharko direlako».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide