Azpeitiko Udalak hezkuntza araututik kanpoko ikastaroetarako laguntzak emango ditu

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 7a

Mari Jose Iturria Azpeitiko Udaleko Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, zailtasun ekonomikoak dituzten familietako haurrek, hezkuntza araututik kanpo gelditzen diren eskoletan erabili ahal izateko diru laguntzak emango ditu aurten ere: «Iazkoa esperientzia ona izan arren, ahalik eta familia gehienengana iristea dugu helburu. Horregatik, baldintzak hobetu ditugu eta eskaerak egiteko prozesua erraztu egin dugu». Hezkuntza eta Gizarte Zerbitzuen batzordeetatik abiatutako diru laguntzak dira. Arte, musika eta dantza arloko, gazteria saileko eta kirol arloko formazio ekintzetara bideratutakoak dira. Horrez gain, kontuan izango dira hezkuntza araututik kanpo garatutako beste zenbait motatako jarduerak ere, «udalak aurrez aztertuta, komunitate eta gizarte ikuspegitik garrantzitsuak jotzen dituen kasueetan». 3 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteek izango dute beka hauek eskatzeko aukera, eta eskatzaileek hiru urtez Azpeitian erroldatuta egon beharko dute, edo sei urtez Euskal Autonomia Erkidegoan. Gazte bakoitzak bi beka jasoko ditu gehienez, eta lagutza kopurua beharraren araberakoa izango da: ikastaroaren kostuaren %25, %50, %75 edo %90 jasoko dezakete laguntza gisara. Azpeitiko Udalak 30.000 euro jarriko ditu guztira Beka Sistema honetara bideratzeko, eta interesa dutenek abenduaren 12ra arte eman dezakete izena udaletxeko harreran edo Gizarte Zerbitzuetan. Udalak argitu duenez, diru laguntza hau jasotzen dutenen jarraipena egingo da, eta eskoletara joaten ez dela ikusiz gero, beka kendu egingo zaie. Iturriak esan du udalak «malgua» izan nahi duela eta beharra duten guztiengana iritsi nahi duela: «Beharra duten familia azpeitiarrei udaletxera etortzeko eta beka eskatzeko deia luzatu nahi diegu, euren seme-alabek ahalik eta hezkuntza osatuena izateko aukera izan dezaten».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide