[caption id="attachment_111692" align="aligncenter" width="300"]

Joxe Mendizabal da EAJren Zestoako alkategaia (Hitza).[/caption]
Gaur egun Zestoako Udalean EAJren bozeramailea da Joxe Mendizabal, eta Turismo eta Merkataritza batzordeburu lanak egiten ditu. Alderdiak bera aukeratu du alkategai 2015eko udal hauteskundeetan aurkezteko. Mendizabal 1955ean jaiotakoa da, eta horrez gain, EAJk osatuko duen taldearen buru ere izango da Zestoan.
Alderdiak emandako «babesa» eta zerrendaburu izateko Zestoako jeltzaleek berarengan jarritako «konfiantza» eskertu nahi izan ditu Mendizabalek: «Ilusioz, gogoz eta erantzukizunez hartzen dudan erronka da hau».
EAJren hurrengo alkategaiak bere egitasmoaren helburuak azaldu ditu: «Pertsonak, haien duintasuna eta ongizatea dira, eta izango dira, gure proiektuaren ardatz nagusiak».
Zestoarren «benetako arazoei» erantzungo dien proiektua ere lehenetsiko duela dio Mendizabalek, eta hori «herriko etorkizuna bermatzeko buru-belarri arituko den gizon eta emakume talde batek kudeatuko du».
EAJren alkategaiak dioenez, Zestoak gobernu «onean» oinarritutako politika publikoak behar ditu: «Sinesgarriak eta herritarrengandik hurbil daudenak, plangintza zehatz eta zorrotz batekin eginak, krisiari modu partekatuan aurre egiteko eta zestoarren ongizate maila eta etorkizuna bermatzeko».
Joxe Mendizabalek adierazi duenez, EAJko alkategaiaren apustua eta helburua da Zestoako herriak ikuspegi «politiko integratzailea», alderdikoikerietatik urruti dagoena eta elkarrizketan eta adostasunean oinarritutako «kultura politikoa» edukitzea. Gainera, esan du zestoarrei entzuteko helburua ere baduela: «Gauzak konpontzeko eta adostasunak lortu ahal izateko, aurrean dugunari entzun egin behar diogula ikasi dut nire bizitzan, eta hori da herrigintzan egin dudana eta egiten jarraituko dudana».
Joxe Mendizabalek adierazi du lan talde bat osatzen ari dela lehen apiatutako oinarri horiekin, Zestoak eta bere auzoek dituzten behar eta erronkak aztertzeko asmoz: «Alderdiak martxan du Zestoa Prest ekimena, eta herriko gizarteko eragile eta sektoreekin kontrastatuko ditugu bertatik aterako diren ondorioak».
«Luzatuta dagoen eskua»
Jexux Arrotaonaindiak ere eman du bere iritzia. Zestoako EAJko idazkaria da, eta Mendizabalek erakutsi duen «eginbidea» eta «jarrera ona» eskertu eta azpimarratu ditu.
Arrotaonaindiak dioenez, Mendizabalek lana egiterako orduan «gaitasuna eta ardura», udalgaien «ezagutza sakona» eta zestoarrenganako «hurbiltasuna» ditu.
Zestoako EAJko idazkariak azpimarratu du Joxe Mendizabal legealdi honetan zinegotzi moduan «Zestoako herriaren eta zestoarren alde egiten ari den lana». Horretaz guztiaz gain, Mendizabal «zuzentasuna, seriotasuna eta akordioak lortzeko beti zabalik dagoen eskua» dela uste du.
EAJko alkategaia batzuetan desadostasunaren eta kritikaren bidetik doala nabarmendu du idazkariak. Hala ere, «bere oinarriei eta irizpideei eta hartutako konpromisoei leial izanik» egiten duela lan azpimarratu du.