Zarauzko sexu aholkularitza gunean 80 kontsulta egin dituzte

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko urriaren 7a

Orain arte Zarauzko sexu aholkularitza gunea «arrakastatsua» izan dela nabarmendu du Ane Eizmendi Jendarte zinegotziak. Jakinarazi duenez, aurten urte hasieratik uztailera bitartean 80 kontsulta egin dituzte herritarrek. Horregatik, hasiberria den 2014-2015 ikasturtean zerbitzu horrekin aurrera jarraitzea beharrezkoa dela ohartarazi du, «herritarrei laguntzen diolako». Aitziber Estonba Zarauzko sexu aholkularitza guneko arduradunak ere amaitu den ikasturtearen balorazio positiboa egin du: «Azaroan hartu zuen Harremanak taldeak Zarauzko gune hori koordinatzeko ardura, eta pozik gaude emaitzekin. Ez genuen espero halako harrerarik». 16-18 urte bitarteko herritarrek erabili dute gehien zerbitzu hori. Gazteek gehienbat sexuari buruzko kontsultak  posta elektronikoz egiten dituztela jakinarazi du Estonbak,eta helduek aurrez aurreko saioetara jotzen dutela. Zentzu horretan, bi bideak mantentzea interesgarria dela dio. Dagoeneko hasi dute ikasturte berria, eta asmoa kontsulta gehiago ematea da. Eta sexualitatearen gaia zabala dela ohartaraztea. Estonbak adierazi du gazteak normalean harreman genitalekin lotura duten zalantzak argitzera joaten direla: «Sexualitea zabalagoa da, ordea; pertsona jaiotzetik delako sexuduna». Gainera, esan du Estonbak, herritarrek gehienetan arazoa sortu denean jotzen dutela gunera, eta aurrez galdetzera animatu ditu. 16 urtetik gorakoei dago zuzendua aholkularitza, adin horretatik beherakoek ikastetxeetan jasoko dutelako sexu hezkuntza. Hala ere, irakasle zein gurasoek jo dezakete adingabeen zalantzak argitzera. Asteartearo, 11:00-13:00 eta 18:00-20:00 bitartean izaten da Estonba Zuberoa kaleko 22. zenbakiko lokalean, aurrez aurreko aholkularitza eskaintzeko. Herritarrek banaka zein bikoteka gerturatzeko aukera dute. Bertaratu ezin dutenek ordutegi berean telefonoz ere egin daitezke kontsultak, eta aste osoan zehar sexuaholkularitza@gmail.com helbidera mezua bidalita zein sare sozialen bitartez: Zarauzko Sexu Aholkularitza gunea bilatuta Facebook, Tuenti eta Twitter sare sozialetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide