Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iñaki Portilla Azpeitiko Udaleko Industria, Merkataritza eta Turismo zinegotziak adierazi duenez, langabezian dauden gazteak praktiketarako kontratatzen dituzten enpresei eskainitako diru laguntzak dira. Lehen Aukera izeneko laguntza da, eta deialdia irekita dago.
Diru laguntzak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen ditu, eta inguruko enpresei laguntzaren berri eman nahi izan dio Portillak: «Gazteen langabezia bereziki landu behar den gaia da. Oso larria da, eta egon daitezkeen edozein laguntzari ahalik eta oihartzun handiena ematea nahi diogu».
Hiru dira diru laguntza hau lortzeko bete behar diren baldintzak: 30 urte baino gazteagoa izatea, unibertsitateko edo Lanbide Heziketako ikasketak amaitu berri izatea eta Lanbiden izena emanda izatea lan-eskatzaile moduan.
Helburuak zeintzuk diren azpimarratu du zinegotziak: «Ikasle bizitzatik bizitza profesionalera igarotzean zailtasun asko daude, eta krisiak gogor astindu du gizartearen zati hori; hor laguntzea da diru laguntza honen helburua». Lanbidek gazteei lehen lan aukeran laguntzea nahi duela dio Portillak, eta gutxienez sei hilabeteko epealdiko lanaldi osoko kontratuak finantzatuko ditu.
Kontratuek azaroaren 21a baino lehen egon beharko dute martxan, eta hobaria 2.450 eta 3.620 euro bitartekoak izango da, kontratatutako pertsonak jasotako hileroko soldata gordinaren arabera finkatuko baita. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, ezingo da lanaldiaren %70 baino txikiagoa izan, eta diru laguntzen zenbatekoetara egokituko da.
Informazio gehiago eskuratzeko Azpeitiko Udalarekin edo Iraurgi Berritzen erakundearekin jarri behar da harremanetan 943-157200 edo 943-026069 telefono zenbakietara deituz. Nahi dutenek posta elektronikoa ere erabili dezakete. Helbide honetara idatzi behar da: info@iraurgiberritzen.net.