Agerraldia egingo dute gaur Zarautzen, igandeko ezbeharrari buruzko informazioa emateko

Zarauzko Hitza 2014ko urriaren 5a

IMG-20141005-WA0008 Eguerdian egingo dute agerraldia Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik, Aser Lertxundi Kirol zinegotziak eta EHSF Euskal Herriko Surf Federazioko kudeatzaileak, Gabriel Leonek. Etxezabalan izango da, eguerdian. Bertan igandeko ezbeharrari buruzko informazioa emango dute. Igandean 11:05a aldera jaso zuten deia larrialdi zerbitzuek. Bizilagun batek bi pertsona uretatik ezin aterata zebiltzala jakinarazi zien. Berehala jarri zuten halako egoeretarako protokoloa martxan. Udaltzainak, Ertzaintza eta anbulantzia medikalizatuak bertaratu ziren, eta baita Zarauzko udal ordezkari ugari ere. Antza denez Dama parean sartu ziren bi surflariak uretara, eta Beraza pareraino eraman zituen itsasoak. Ertzaintza kausa aztertzen ari bada ere, aurreratu dute surflarietako bati taulak ihes egin ziola, inbentoa—hanka eta taula lotzen dituen gomazko soka— askatu ondoren. Aidanez, zinta itsaskorrarekin zuen lotuta hori taulara. Arazoak zituela ikusita, bere kidea hari laguntzera joan zitzaion baina ez zuen lortu. Itsaso zakarra medio—bi metro inguruko olatuak zeuden—, korronteak eraman zituen biak. Gaineratu dute bi surflariak ez zuten eskarmentu handirik, eta itsasoko baldintzak ez ziren haientzat egokiak. Pukas surf eskolako begiraldeek eta bertako beste zenbait surflariren laguntzarekin atera zituzten uretatik.  Javier Etxaburu Zarauzko Udaleko udaltzainen arduradunak HITZAri azaldu zion "denbora dezente" egon zirela bi surflariak itsasoan, ezbeharra gertatu ondoren. Atera zituztenean korderik ez zutela jakinarazi dute. Zarauzko udaltzainek desfibrilagailuekin saiatu ziren bi lagunak suspertzen. Ondoren, bi anbulantzia medikalizatutako arduradunek artatu zituzten. Ez zuten hauek suspertzea lortu, ordea. Eguerdi partean auzitegiko medikua bertaratu zen baina hasieran ezin izan zituzten identifikatu. Hasiera batean bertara inguratu ziren herritarrek ezagutzen ez zituztela-eta, atzerritarrak zirela pentsatu zuten. Taulak alokatuak zirela ere zabaldu zen, baina datu hori gezurtatu du Zarauzko Udalak. Ertzaintzak inguruan aparkatutako autoak aztertu zituela, haietakoren bat hildakoena zen ala ez egiaztatzeko. Ordu batzuk beranduago Institutu Anatomiko Forentsean identifikatu zituzten haien senitartekoek azkenean. 44 eta 46 urtekoak dira hilberriak, anaiak eta iruindarrak. Zarauzko Udalak doluminak azaldu dizkie igandean hil ziren senideen familiarteko eta lagunei. Sorospen zerbitzurik ez Ezbeharra uda sasoia amaituta gertatu zenez, sorospen zerbitzurik ez zegoen martxan. Horregatik, Zarauzko Udaletik "oso kontuz" ibiltzeko gogorarazi dute. "Are gehiago itsasoa atzo zegoen bezain zakar dagoenean". Dena den gogoratu dute Zarautzen surfa urte osoan zehar prkatikatzen dela, eta halako gertakariak ez direla "inolaz ere batere ohikoak".  Hala ere, eguraldiari, olatuei eta bestelako kasuei dagokionez EHSFko tokiko arduradunei kasu emateko gomendatu dute. "Ezin da ahaztu itsasoa arriskutsua izan daitekeela".            

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide