Etxepare Rap, dugunarekin gozatzeko aukera gaur Azkoitian

Nerea Uranga 2014ko urriaren 3a

UROLA KOSTAKO HITZAren 10. urteurreneko ekitaldien barruan eta Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkartearekin elkarlanean, Etxepare Rap emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da gaur, 22:30ean, Azkoitiko Kontzejupean. Euskal literaturaren historia kantu bidez, irudiekin eta antzerkiarekin ematen du Imanol Epeldek, «ahalik eta modu dibertigarrienean». Kantutik kantura autoreen berri ematen du, beti ere umorez. Etxepare Rap proiektua joan den abenduan abiatu zuen Imanol Epeldek, Argia-ren blog plataforman. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Bernard Etxepareren Hitzaurrea bideoklip bihurtuz aurkeztu zuen egitasmoa. Gero, kantuak astero igo zituen blogera. «Bideokliparekin ni gustura nengoen eta izan zuen erantzuna handia izan zen. Gero, kantuak igotzen hasi nintzenean, proiektua gustatzen ari zen sentsazioa izan nuen». Hurrengo «koska» jendaurrera eramateko prestatzea izan zuen. Jendaurreko emanaldia «mimoz» prestatu zutela dio, eta atzetik jende askok egindako «lan ikaragarriarekin». Etxepare Rapen jendaurreko aurreneko emanaldiak Donostian eta Zarautzen egin zituen. Ordutik dozena bat saio egin ditu, eta jendearen erantzunarekin oso gustura dago. «Intentzioa, modu ludikoan gure literatura tradizioko idazleak eta ezagutzera ematea da. Gero, gure txikitasunaz beti negarrez egon beharrean, garena umorez hartzea eta barre egitea. Ikustea zer izan garen, non gauden eta zer izan nahi dugun». Daukagun horrekin disfrutatu daitekeenaren mezua eman nahi du Epeldek Etxepare Rapekin, eta lortzen ari delakoan dago, gustura. Emanaldia gazteei gustatuko ote zitzaien kezka zuen Epeldek, baina bere ikasleekin probatu du, eta gustura dago gazteen erantzunarekin ere: «Aurreko batean Baigorrin izan nintzen bertso udaleku batzuetan kantuan, haiei gustatu zitzaienaren inpresioa jaso nuen, eta pozik nago gazteengana ere iritsi delako». Igandean Kilometroetan Gaur Azkoitian, baina igandean Orion (14:15ean, Abaromendi gunean) du Etxepare Rap emanaldia Epeldek. Formatu desberdina izango du han, «ez dago hainbeste antzerki, kantua da nagusiago eta proiekziorik ez dago». Udan, festetan eta txosnetan Etxepare Rap emanaldia egiteko eskaerak izan ditu Epeldek, eta denetan ezezkoa eman du: «Leku bildu edo antzerki girorako prestatuta zegoela iruditzen zitzaidan, eta ez festa girorako». Orain, ordea, Etxepare Rapen formatu berri bat prestatuta du, eta Orion Kilometroetan estreinatuko du. «Probatzera nihoa. Emanaldiak egin ahala ikusi dut horretarako ere balio dezakeela, eta funtzionatuko duela». Etxepare Rap emanaldiak egiteko saioak ateratzen ari zaizkio Epelderi, eta batera eta bestera zabaltzeko «ilusioz eta gogoz» dago: «Gustura eta harro nago lanarekin».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide