Nekane Zinkunegi: «‘Topatu’ gazte proiektu komunikatiboa erasotu dute»

Ane Olaizola 2014ko urriaren 2a

[caption id="attachment_111377" align="aligncenter" width="300"]Errezilgo Udaletxe azpian elkartu ziren herritarrak(Hitza) Errezilgo Udaletxe azpian elkartu ziren herritarrak
(Hitza)[/caption] Topatu.info gazte proiektu komunikatiboko hiru kazetari inputatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, tartean Nekane eta Izaro Zinkunegi ahizpa errezildarrak. Ernai gazte erakundeak antolatutako Gazte Danbada jaialdiaren berri emateagatik deklaratu beharko dute asteartean, Madrilen. Terrorismoa goratzea egotzi diete hiru kideei, eta auzia salatu du Nekane Zinkunegik, «zentzugabea» delako eta «adierazpen askatasuna» urratzen duelako. «Ez da hiru pertsonen aurkako erasoa, baizik eta Topatu gazte proiektu komunikatiboa erasotu dute», nabarmendu du. Egoeraz informatzeko herri batzarra egin zuten atzo, Errezilen.  Iazko martxoaren 29tik apirilaren 1era egin zuten Urduñan (Bizkaia) Gazte Danbada. Besteak beste, ekitaldi politikoa egin zuten, eta han hitz egin zutenek espetxean hil berri zen Xabier Lopez Peña euskal presoari egin zioten aipamena. Eloy Velasco epaileak zazpi lagun auzipetu zituen, «terrorismoa goratu» zutelakoan. Orain, auzi berean sartu dituzte Topatu-ko hiru kide, delitu bera leporatuz. Zinkunegik, ordea, adierazi du euren zeregina «hedabide lan soila» izan zela, Topatu-k Gazte Danbadaren jarraipena egin zuelako orduan, «bere orokortasunean». Hau da, ekitaldi politikoaz gain, egun horietan izan ziren tailerren, eztabaiden eta bestelako ekitaldien berri eman zutela arrazoitu du komunikabideak, «7.000 gazte inguru lau egunez ahalduntze pertsonal zein kolektiboa garatzeko Urduñan biltzeak interes informatiboa soberan gainditzen zuelako». Aurretik ere Auzitegi Nazionalak agindu zion orduko bideo bat saretik ezabatzeko, «kasu egin ezean webgunea itxiko zutela mehatxatuz». «Agindua prentsa askatasunaren aurkako eraso bat iruditu arren, bideoak ezabatu genituen, webgunea ixteak ekarriko lituzkeen kalteak kontuan hartuta». Asteartean, epailearen aurrera Hurrengo asteartean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute, Eloy Velasco epailearen aurrean. Zinkunegik argitu duenez, ondoren egingo du zigor eskaera fiskalak. Hasiera batean Euskal Herrian deklaratzea eskatu zuten auzipetuek, baina Auzitegi Nazionalak alboratu egin du eskaera; «Euskal Herrian mota horretako epaitegirik ez dagoela erantzun digute». «Bereziki Euskal Herrian dagoen herri mugimenduaren berri ematen aritzen den herri hedabideen aurkako eraso bat gehiago da. Dirudienez, sistemarentzat bereziki deserosoa da informazio hori ematea», salatu du errezildarrak. Gainera, Topatu-rentzat «ez da kasulitatea poliziak herri ekimeneko kazetariokin izan ohi duen jarrera». «Velascok bere aurrean deklaratzen nahi gaitu orain, ekimen horren inguruan modu profesional eta zintzoan sortu genuen informazioa gustuko ez duelako. Madrilen nahi gaitu egunero egiten dugun lanak min ematen diolako eta komunikabide bezala geroz eta erreferenteagoak garelako».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide