Gizonezkoekin hiru saiotan genero berdintasuna landuko dute

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko urriaren 2a

[caption id="attachment_111138" align="aligncenter" width="300"]Egitasmoaren berri ematen Gizonduz-eko Ander Bergara eta Parekidetasun zinegotzi Ane Eizmendi (Amaia Ventas/Hitza). Egitasmoaren berri ematen Gizonduz-eko Ander Bergara eta Parekidetasun zinegotzi Ane Eizmendi (Amaia Ventas/Hitza).[/caption] «Parekidetasunaren bidean gizonezkoen inplikazioa ezinbestekoa da, eta horretara goaz», nabarmendu du Ane Eizmendi Zarauzko Parekidetasun zinegotziak. Hain zuzen, gizonezkoen sentsibilizazioa eta kontzientzia sustatzeko hiru ikastaro antolatu ditu Parekidetasun Sailak lehen aldiz. Urritik abendura egingo dituzte saioak, hilabetero bana. Emakunderen barruko Gizonduz proiektuko bi kidek eskainiko dituzte eskolok, eta doan izango dira. Eta noski, gizonezkoei zuzenduta. Lehenbiziko ikastaroa hilaren 11n izango da. Maskulinitatea, berdintasuna eta kirola landuko dituzte bertan: «Emakumeak historikoki kirol mundutik kanpo egon dira, bazterturik. Oraindik ere gizonezkoen eta emakumezkoen artean desorekak nabarmenak dira», adierazi du Ander Bergara Gizonduz-eko kideak. Hala, gizonezkoek eta emakumezkoek nola jokatzen duten aztertuko dute, eta zer egin daitekeen berdintasuna bultzatzeko arlo horretan. Azaroaren 29an, berriz, maitasuna, berdintasuna eta bikote harremanak jorratuko dituzte, gaztelaniaz. Besteak beste, maitasun harremanetan zer gertatzen den aztertuko dute, zein paper jokatzen duten emakumeek zein gizonezkoek eta harreman horiek berdintasunean oinarritzen diren ala ez. Horrez gain, maitasun erromantikoaren ideala zalantzan jarriko dute, eta ohiko jarrerak aberasgarriak diren ala ez ikusi. Hirugarren ikastaroa gizonezkoari eta komunikabideei buruzkoa izango da. Bergararen arabera, komunikabideek asko jokatzen dute estereotipoekin: «Hedabideek erakusten duten emakumezkoen eta gizonezkoen irudia ez da benetakoa. Arazoa da irudi horrek askotan ereduak sortzen dituela, eta gero neskatoek eta mutikoek estereotipo horiek jarraitzen dituztela. Horrek mantentzen du gizarte sexista». Bergararentzat gizartea aldatzeko estereotipo horiek gainditu behar dira, eta horretarako irizpideak emango dituzte, baita ikastaroan eta egunerokotasunean zer egin daitekeen aztertu ere. Saio hori abenduaren 13an izango da. Ikastaro guztiak antzekoak izango direla azaldu du Bergarak. Lehenbiziko zatia hausnarketara bideratuko dute. Gizarte egoera aztertuko dute parte-hartzaileek, zergatik gertatzen den emakumearekiko diskriminazioa, gizonezkoek zein paper duten horren aurrean eta zer egin daiteken berdintasunaren alde. Ikastaroak praktikoak direla nabarmendu du Bergarak. Helburua da parte-hartzaileek euren eguneroko bizitzaz hausnartzea, gero modu berdinzaleago batean jokatu ahal izateko. 09:30etik 13:30era elkartuko dira, Kiroldegian. Lehenbiziko ikastaroan izena emateko epea zabalik dago, eta bihar amaituko da. Horretarako Parekidetasun Sailera jo daiteke (Zigordia kalean 33. zenbakian, telefonoz deitu 943-00517 zenbakira edo idatzi: berdintasuna@zarautz.org.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide