Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Adinekoen sexualitatea oraindik ere gizarteak «isilpean» duen gaietako bat dela uste du Olatz Berastegi Zumaiako Sexologia Aholkularitzako sexologoak; horregatik, Sexologia Aholku Zerbitzuan jorratzeaz gain, sexologoak lanketa berezia egin du Zumaiako adineko zentroetako langileekin. «Zahartzaroan gorputzak bakarrik ez, erantzun sexualak ere desberdinak izaten dira gaztaroarekin alderatuz. Sexualitatea ugalketarekin, gaztetasunarekin, koitoarekin eta genitalekin erlazionatu izan da. Zahartzaroan, berriz, ezaugarri horiek gainbehera etortzen dira». Ildo horretatik, «norbere gorputzaren desioei jarraitzea ezinbestekoa» iruditzen zaio Berastegiri.
Hezkuntza «arerio»
Askok uste dute «adina eta gaixotasunak» direla zahartzaroan sexualitatearen areriorik nagusienak. Horiek, ordea, «arerioak izan beharrean, oztopoak» direla uste du sexologoak. «Zahartzaroan sexualitatearen etsairik arriskutsuena hezkuntza da. Gizarte bezala kostatu egiten zaigu gorputz guztiak sexutuak direla eta beraz guztiok sexu harremanak izan ditzazkegula ulertzea; norbere erritmo eta desioen arabera, noski», zehaztu du. Horretaz gain, adinekoek eurek ere aurriritziak izaten dituztela nabarmendu du. «Pertsona batek uste izan badu adinekoek sexurik ez dutela eta erotikoak ez direla, zahartzarora iristen denean bere desioa eta gorputza erreprimitzeko joera izango du. Hori gainditu behar dugula uste dut». Oro har, adineko pertsonek sexualitatea «intentsitate eta presa gutxiagorekin» bizitzen dutela azaldu du. «Gorputzeko zona erogenoen sentsibilitatea handitu egiten da, eremu ezezagunetan gehienbat. Horregatik, garrantzitsua da gorputza esploratu eta esperimentatzea».
Adin guztiei zuzenduta
Sexualitatea «tabua» da oraindik, eta horren inguruko hainbat estereotipo eta aurriritzi iraultzeko eta harremanetan gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna sustatzeko beharra ikusi du Zumaiako Udalak. Hori dela-eta, Sexologia Aholkularitza Zerbitzua eskaintzen die herritarrei hilabetean behin. Pertsonen harreman intimoekin lotutako gaiak jorratzen dituzte bertan, oinarri hartuta «gertutasuna, leialtasuna eta zorroztasuna». Gazteei, helduei eta adinekoei zuzendutako zerbitzua da, eta norberaren zalantza edo arazo txikiei erantzun pertsonalizatua ematen diete. «Egun sexualitatearen inguruko informazio asko dugu, baina informazio hori estereotipatua izaten da, eta sexualitate eredu jakin batera bideratzen gaitu», azaldu du Berastegik. «Norbereraren sexualitatea ezagutzea da gakoa», eta horretarako era askotako gaiak lantzen dituzte: emakumeek beren gorputzarekin duten harremana, bikote harremanak edo adineko pertsonen sexualitatea, esaterako. «Pertsonek beren burua eta beren gorputza ezagutuz, beren arteko harremanak lantzen eta hobetzen saiatzen gara».