Soreasuko antzokia Kultur Mahaiak kudeatuko du

Nerea Uranga 2014ko urriaren 1a

SoreasuKultur Mahaiak kudeatuko du Soreasu antzokia. Kultur Mahaia osatzen dute Azpeitiko 22 kultur taldek, udaleko alderdi politikoetako ordezkariek, udaleko kultur teknikariak eta 400 bat norbanako bazkidek. Azpeitiko Udalarekin atzo goizean sinatu zuten hitzarmena. Urtebetez kudeatzeko kontratua egin dute, baina bost urtera arte luzatu daiteke. «Anbizioz eta zuhurtziz» daudela esan du Kultur Mahaiko teknikari Oihana Elduaienek: «Badakigu krisi garaian gaudela, baina proiektua ondo irteteko eta herriari zerbitzu on bat emateko aukerak ikusten ditugu, Sanagustin kulturgunearen kudeaketak ere eskarmentua eman digulako». [caption id="attachment_111319" align="aligncenter" width="300"]Sanagustin Kulturgunea Kooperatiba eta Azpeitiko Udalaren hitzarmena Soreasuren kudeaketaz (Azpeitiko Udala). Sanagustin Kulturgunea Kooperatiba eta Azpeitiko Udalaren hitzarmena Soreasuren kudeaketaz (Azpeitiko Udala).[/caption] Azpeitiko Udala ere gustura dago hitzarmenarekin. «Zinema aretotik haratago doan kultur proiektu baten aurrean gaude; Soreasu suspertuko du, eta Alde Zaharrera bizia ekarriko du», uste du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Kultur Mahaiak «kudeaketa fina eta serioa» egingo duenaren konfiantza du alkateak, eta kultur arlotik proiektu ekonomiko «oso indartsu bat» gauzatuko dutenaren itxaropena du, «herriari bizi ekonomikoa eman eta lanpostuak sorraraziz». Kultur Mahaikoentzat «oso ona» da Soreasuren kudeaketa lortzea. «Herriko kultur azpiegiturak kultur mugimenduen eta kultur eragileen beraien esku egotea oso ona dela iruditzen zaigu, azken batean eragileek beraiek dakitelako ondoena beharrak zeintzuk diren. Herrikoak direlako herriaren beharrez dakitenak, eta horren araberako erabilera egoki bat ematea dago», adierazi du Elduaienek. «Oso garbi» dute herriko eragile eta sortzaileentzako plaza bat izan behar duela Soreasu antzokiak, hala esan du Kepa Urbieta Kultur Mahaiko kideak eta Sanagustin Kulturgunea Kooperatibako langileak: «Herriko taldeek lekua eduki behar dute, eta herriko sortzaile berriei ere bultzadatxoa emateko plaza bat izan behar du Soreasuk, Sanagustinekin egin nahi den bezala. Horrez gain, kanpoko sortzaileei ateak irekiko dizkion toki bat izatea nahi dugu; orainarte baino erabilera handiagoa emanez; euskal kultura sustatuko duen plaza bat izanik; urteko programazio finko bat jarriz zinema eta kultur jarduna uztartuz; eta, baita ere, herriko eragile, talde eta bestelako elkarteen funtzionamendurako erraztasunak emanez». Proiektuak funtsean bost hanka edukiko dituela azaldu du Urbietak: zinema; kultur jarduera orokorrak; komunikazioa; lehendik lantzen ari ziren hainbat proiektu; eta, aretoari begira, hobekuntza ideia batzuk. Sanagustinekin bateragarria 2011n Sanagustin Kulturgunea Kooperatiba sortu zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak, «beharrezkoa zuelako enpresa egitura bat lehiaketara aurkeztu ahal izateko». Orduan, Sanagustin kulturgunearen kudeaketa eskuratu zuen, eta, orain, Soreasu. Bi kultur azpiegiturak kultur programaziorako bateragarriak direla uste dute: «Batean edo bestean egiten direnak osagarriak izan daitezke, baina horretarako beharrezkoa da bien kudeaketa esku beretan egotea. Helburuetako bat kultur programazio egokia egitea da, zinemaz aparte ere beste ikus-entzunezko programazio bat landuz, eta Alde Zaharrari bizitasuna emateko Soreasuri bizia emateak bere ekarpena eginda».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide