Ander Bergara: "Bizitza aldatu zidan berdintasunari buruzko ikastaro batek neuri"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko urriaren 1a

2007an sortu zuten Gizonduz programa. Berdintasunaren alde gizonak inplikatzea bilatzen du horrek, «bestela nekez lortuko delako gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna». Zarautzen emango dituzten ikastaroekin hori landu nahi dute Gizonduz-ekoek. Sortu zenetik 5.000 lagunek hartu dute parte programan, eta bide horretan jarraitzeko, herritarrak saioetan parte hartzera animatu ditu Ander Bergarak. Zein da programa honen helburua? Orain arte lana batez ere egin izan da emakumeekin,eta berdintasunaren alde buru-belarri ibili direnak ere emakumeak izan dira. Benetako berdintasuna lortzeko, ordea, gizonezkoen inplikazioa beharrezkoa da. Emakunderen planteamendua da Gizonduz proiektuaren bidez emakumeekin egiten ari garen hori osatzea gizonei zuzendutako programa batekin. Honekin lortu nahi da gizonezkoen jokabidea aldatzea, eta horretarako beharrezkoa da pentsamoldea aldatzea. Nola alda daiteke pentsamoldea? Guk lantzen duguna da sentsibilizazioa eta trebakuntza. Horregatik antolatu ditugu hiru ikastaro hauek Zarautzen. Ikastaroek horretan lagunduko dute, baina oraindik kontzientziazio lan handia al dago egiteko? Nik uste dut orokorrean gizonak ez direla kezkatzen berdintasunaz; emakumeen kontua dela pentsatzen dute. Horregatik sortu dugu programa zehatz bat gizonezkoentzat. Gizonezkoen papera funtsezkoa da; gizonezkoa da arazoaren parte handi bat, eta ondorioz, irtenbidearen zati handi bat ere bai. Horretaz ohartarazi nahi ditugu gizonak; berdintasuna bultzatzea euren zeregina ere badela adierazi nahi dugu, gizonezkoek ere badutela erantzukizun sozial eta pertsonala. Giza eskubideak eta justizia defendatzen ditugula esaten badugu, horrek eskatzen du berdintasunaren alde egitea. Beraz, garrantzitsua da ikastaroetan parte hartzea. Nola animatuko zenituzke zarauztarrak? Niri halako ikastaro batek bizitza aldatu zidan, inflexio puntua izan zen niretzat. Halako ikastaroek balio dizute zeure bizitzari errepaso bat emateko eta zeure jokabideak aztertzeko, zer egiten duzun, zer ez duzun egiten... Eta horrek zein neurritan balio duen rol sexista errepikatzeko ala ez. Berdintasuna bultzatzeko, norberangandik hasi behar da lanean. Berdintasuna lortzeko hasi behar du bakoitzak bere etxetik, bakoitzak bere bizitza aldatzen eta bere inguruarekiko eredu izaten. Horrek eskatzen du gizona izateagatiko pribiligioei uko egitea. Gizonezkook gizon izateagatik aukera gehiago dugu botere politiko, sozial zein ekonomikora heltzeko; aisialdirako denbora gehiago dugu...  Uko egite horrek, ordea, badu sari handi bat: pertsona hobeak eta askeagoak egiten gaituela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide