Gure Esku Dago mugimenduaren sortzaileetakoa da Angel Oiarbide (Idiazabal, 1974). Azken urteetan buru-belarri dabil erabakitzeko eskubidearen alde herritar bakoitzak egin dezakeenaz hausnartzen eta horren inguruan lanean, eta gaur arratsaldean Azpeitian hitzaldi bat eskainiko du. 19:00etan da hitzordua, Sanagustinen.
Larunbatean Gasteizen batzar orokorra egin zuen Gure Esku Dagok. Han hartutako erabakiak kontatuz hasiko al duzu gaur hitzaldia?
Nire asmoa da hausnartzea Gasteizen hartutako erabakiez. Ekaineko giza-katearen ondoren, orri zuria deitu genuen lan tresna jarri genuen martxan. Herriko batzordeei, eragileei eta norbanakoei orri hori eman genien, galdetuz zer bide jorratu behar lukeen gizarte mugimendu eraginkor batek, nola jokatu beharko litzatekeen. Irailean orri guztiak jaso eta sintesi bat egin genuen, eta 20 ataletan banatu genituen. Horretaz hitz egingo dut alde batetik.
Beste gairik izango al duzu hizpide?
Bai. Egunotan Xabier Solanorekin bildu gara, Gure Esku Dagok antolatuta. Solano da Scottish National Party-ko (Eskoziako Alderdi Nazionala) Westminsterreko diputatuen aholkularia. 2005etik, eta guretzat oso garrantzitsua izan da berak gurekin hausnartzea Eskoziako prozesuaz. Izan ere, ondorio edo lezio batzuk atera dituzte prozesuaren eta erreferendumaren emaitzaren inguruan. Beraz, horretaz ere denon artean eztabaidatzeko aukera izango dugu gaur.
Gasteizko batzarrean egutegi bat zehaztu zenuten.
Gure asmoa da azaroaren 8an Donostian, Zurriolan, mosaiko erraldoi bat egitea, Kataluniako erreferendumaren bezperan, hain zuzen. Azken hilabeetan hainbat arlotako kideak biltzen ari dira, eta Euskal Herriko hainbat sortzailek egindako proposamena izan da hau.
Bestetik, ikus-entzunezko bat aurkezteko asmoa duzue, ezta?
Bai, dokumental bat aurkeztuko dugu azaro hasiera edo erdialdean. Ekaineko giza-katea azalduko da, baina barruko tripak ikusiko dira. Alegia, nola geunden ekimen hau sortu zenean, zer zailtasun eta aurreiritzi gainditu behar izan diren Euskal Herri mailan herriz herri horrelako sare bat sortzeko. Eta, hori baino garrantzitsuagoa, konplizitate hori sortzeko, hasiera batean ustez hain desberdinak ginenon artean. Elkarrizketa pila bat ere jaso dira. Asmoa da Gazta zati bat-ek sortu zuen eragina sortzea honek ere.
Eskozia ardatz hartuta saiorik egingo al duzue?
Bai, Eskoziako eredua Europa eta mundu mailan adibide indartsua izan da, eta horren inguruko mintegiak egin nahi ditugu. Lehen aipatu dut Solano ekarri dugula Euskal Herrira, independentziaren aldeko ordezkari gisara. Bada, kontrako ordezkari bat ere ekarri nahi dugu.
Ekainerako ere jarri duzue hitzordua.
Ekainaren 20an Euskal Herri mailako ekintza handi bat egiteko asmoa dugu. Euskal Herriko bost hiriburutan egin nahi da, eta diseinatzen ari gara orain.
Bestetik, tokian tokiko herri kontsultak egitea babestuko duzue.
Guretzat galdeketak tresna oso-oso garrantzitsuak dira, eta gure ustez behintzat erabiltzekotan gauzak ondo egin behar dira, eta horrek aurre lan batzuk baditu. Kontsulta ez da egiteagatik egin behar; kontsultaren alderik garrantzitsuenetarikoa kontsultaren aurretik sortzen den eztabaida eta informazio desberdinen inguruko eztabaida da.
Zein da zuen papera hor?
Gure Esku Dago txosten bat ari da egiten. Gure ustez halako kontsultak egiten badira komenigarria litzatekee tokian tokiko prozesuak sortzea: tokian tokiko eztabaida eta kontsentsua. Adostasunak sortzea. Beraz, irizpideak sortzen ari gara.
Zer irizten diozue Eskoziako prozesuari, eta Kataluniakoari, kontuan izanda Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi duela kontsulta?
Eskoziari begira, zoriontzekoa da bai prozesua, bai erreferenduma. Guk positibotzat jotzen dugu, emaitza baloratzen hasi gabe. Emaitzak, azken batean, dira borondate baten islada. Eta gure asmoa horixe da: herri borondatea islatzeko aukera izatea. Erresuma Batuan ikusi da erronka politikoei erantzun politikoa eman behar zaiela. Ezin da Espainiak hartu duen bidea hartu: soluzio juridikoarekin erantzutea. Epaileek, epaitegiek eta legeek ezin du demokraziaren gainetik egon. Legea da herri borondateari, demokraziari, egokitu behar zaion tresna. Alde horretatik, Eskoziako eredua borobila da.
Eta, Kataluniari dagokionez?
Gure ustez, Katalunian herritarrek lortu dute irudikatzea eta gizarteak barneratzea beraiek direla beren etorkizuneko protagonistak. Hori, pausoak eman ahala hartu duten jarrera bat izan da. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez ikusi dute beraien etorkizuna beraien esku dagoela. Inork ez du zalantzan jartzen era batera edo bestera botoa eman egingo dutela. Eta horrenbestekoa izan da sinismen hori, Espainiako gizarteak ere barneratu baitu hori; badaki bozkatu egingo dela Katalunian.
Askotan konparaketak egiten dira Euskal Herria-Eskozia-Katalunia.
Ezaugarri desberdineko hiru errealitate gara. Askotan galdu egiten dugu perspektiba, baina oso interesgarria litzateke orain urtebete nola geunden irudikatzea, eta azken urtean zer lortu den. Orain urtebete lokatzetan geunden sartuta, herrietan zer giro zegoen, zer deskonfiantza, etsipen, zer sinesmen gutxi herritarrok geugan. Ez genekien zer egiteko gai izan gintezkeen. Ez genuen geure buruengan sinesten, herritarrok geure ardura guztiak ordezkari politikoengan delegatuta genituen.
Eta hori aldatu dela uste duzu.
Ikusi da, pausoak eman ahala, gai izan gintezkeela Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta, sentsibilitate desberdinen topagune bihurtzeko. Ilusioa sortzeko gai izan gintezkeela, eta eragiteko ere bai. Hori izan da giza-katearen ondorio aberats bat. Hala ere, kataluniarrekin alderatuta, ikusten da kataluniarrek jada badutela sinesmena beren buruengan. Gure Esku Dago ere jarrera bat da, azken batean: etorkizuna geure esku dagoela sinestea.
Horretara iristeko, zein da bidea?
Hori ez da fedea bezala, batek kontatzen dizula eta sinestu egiten duzula, ez, ez. Hori norberak pausoak eman ahala, ikusi ahala, sentitu ahala, hartzen den jarrera bat da: gure esku dago. Gu jarrera hori barneratzeko hastapenetan gaude, eta kataluniarrek eginda dute. Bestetik, politikariez asko hitz egiten da, baina gure lana da gizartea eraldatzea, gizartea protagonista bihurtzea eta bere ardurak hartzea, politikariak gizartearen isla direlako. Haiengan eragiteko modua hori da.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide