[caption id="attachment_99087" align="aligncenter" width="300"]

Zarauzko hondartza (Lorentxo Portularrume)[/caption]
«Turismoa urte sasoi guztietan da garrantzitsua, baina, batez ere, udan», azaldu du Karmele Alberdi Zarauzko Turismo zinegotziak. Zentzu horretan, udako datuekin gustura agertu da. «Udan ekintza asko egin dira Zarautzen kirolari dagokionez: besteak beste, Txaparrotan, halterofilia, 3x3, estropadak, pilota txapelketak... Kultur jarduera asko ere izan da haurrei zein helduei zuzenduta: Kalerki, Euskal Astea eta Mahats Biltzearen Jaia, kasu». Hala ere, Zarauzko Udalaren helburua «udaz harago» turismo eskaintza zabaltzea da, eta beraz, udazkenera begira ere era askotako ekitaldiak antolatuko ditu.
Urriaren 12rako, esaterako, Baleada egitasmoa antolatu dute. Ibilaldi kultural eta gastronomiko baten bidez, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio lotuko dituzte. Herri bakoitzean geldialdi kultural eta gastronomikoa egingo dute, tokian tokiko arraun elkarteetako lagunek antolatuta. Horrez gain, itsas ondarearen zati bat erakutsiko dute, kostaldeko kultura azaltze aldera.
Ia %100eko okupazioa
Udazkenean sartu berritan egin dute Zarauzko Udalak eta Zurekin Zarauzko ostalari elkarteak udako balorazioa. Biek «modu positiboan» baloratu dute sasoi hori. Gipuzkoan nabarmen egin du gora turismoak, eta Zarauzko kasuan ere «zenbaki onak» utzi ditu. Alberdik jakinaraz duenez, okupazioa «berdintsu» mantendu da uztailean, baina abuztuan bisitari ugari etorri da. Zehazki, uztailean %90,61eko okupazioa izan da, eta abuztuan, berriz, %98a. Gainera, irailean ere kanpotar ugari ibili dela jakinarazi du Turismo zinegotziak. %35eko okupazioa kalkulatu dute iraileko lehenbiziko bi asteetan.
Jatorriari dagokionez, bisitari gehienak estatukoak izan dira, %54 hain zuzen. Horietatik erdia Herrialde Katalanetatik eta Madrildik iritsi dira Zarautzera. Bestalde, Valentziako bisitarien kopurua nabarmendu dute; %8,30 etorri da erkidego horretatik. Uda sasoian Zarautz bisitatu dutenen %20, berriz, Euskaditik etorri da. Atzerritarrei dagokienez, ohiko bisitariak iritsi dira: frantsesak, alemaniarrak, Erresuma Batukoak eta holandarrak. Horiek guztiek turisten %24 osatu dute.
Zarauzko ostalariek balorazio orokorra egin ez badute ere, uda «oso ongi» joan dela adierazi dute: «Ostatuak ia beteta egon dira egunero». Hala ere, uda «nahikoa irregularra» izan dela gogoratu du Igor Aizpitarte Zurekin-eko kideak, eta sasoi batzuetan bezero gehiago izan dutela beste batzutan baino. Era berean, txalotu egin du udalak aurten antolatutako ekitaldien alde egin duen apustua; batez ere, Amabirjin Eguneko suak berreskuratu izana eta bigarren urtez Sahararen aldeko ekitaldia nabarmendu ditu.
Uda zenbakietan
Bisitarien jatorria
- Euskadiko bisitariak. %22.
- Estatukoak. %54. Erdia kataluniarrak eta madrildarrak. %8,3 valentziarrak.
- Atzerritarrak. %24 Frantziatik, Alemaniatik, Erresuma Batutik eta Holandatik etorri dira.
Okupazioa
- Uztaila. %90,61ekoa.
- Abuztua. % 98ekoa.
- Iraila. Lehenbiziko bi asteetan %35ekoa.