Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbat iluntzean txiki gelditu zen Aizarnazabalen antzoki bihurtutako frontoia. Herritarren ekimenetik sortu eta antolatutako Sanmiel festetako Harrikoscarrak galak 400-500 pertsona inguru bildu zituen. Arrakasta izan zuen jaialdiak, eta antolatzaileak oso pozik daude hilabete eta ordu askotako lanak izandako emaitzarekin.
Harrikoscarrak ekitaldiari buruz ezer gutxi jakinda joan zen jendea antzoki eran moldatutako herriko frontoira. Baina, ezusteko eta emozio askoko jaialdia izan zen antolatzaile lanetan ibilitako Haritz Gorritiren esanetan.
Galaren barruan, sariak banatu zituzten, moda paseak egin zituzten eta Zer Berri News albistegi bat ere egin zuten. «Herriko jende askok parte hartu du, galan bertan 40 bat lagun aritu ginen eta atzeko lanean beste hainbat pertsonek ere jardun dute», esan du Gorritik. Maiatzean hasi ziren gala antolatzeko ideiarekin bueltaka, eta bere emaitza eman du: «Modu fantasioso batean hasi ginen ideia honekin bueltaka, eta azkenean herri proiektu bihurtu da». Herritik herrirako egindakoa izan dela azpimarratu dute.
Hala, herrikoek eta herriaren alde egindako lanagatik sariak banatu zituzten, guztira lau sari. Kirolaren saria Iñigo Olaizola Etxeberriari eman zioten. Izan ere, honek orain dela 16 urte 175 kiloko harriarekin errekorra ezarri zuen. Ezusteko bezala, berak altxatako harria ekarri zioten, eta Goenatxoren hitzekin bideo bat.
Elkartasun saria, berriz, herriko eliza garbitzen jarduten duten emakumeei eman zieten, eta omenaldi bideoa herriko apaizaren hitzekin osatu zuten.
Pedro Arizagari kulturako saria eman zioten. Honek Euskal Telebistako hainbat saiotan parte hartu du aktore moduan.
Bizi osoko lanari saria Xiete tabernakoei eman zieten, eta bideoan hainbat herritarren hitzak jaso zituzten.
Zer Berri News-en, berriz, herritik kanpo hainbat herrialdetan bizi diren aizarnazabaldarren hitzekin osatutako bideoa eman zuten. «Sarituek asko eskertu zuten, eta prestatu genizkien bideoekin asko poztu ziren», esan dute antolatzaileek.
Moda pasareletan galako ikusleek bozkatzeko aukera izan zuten, eta azkenean Herriko Dama 2014 Mari Karmen Arregi aukeratu zuten.