Demetrio Esnaola: «Herriak erantzun egiten du Ikastolen festaren aurrean eta oso pozgarria da»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko irailaren 30a

[caption id="attachment_111029" align="aligncenter" width="300"]Demetrio Esnaola Demetrio Esnaola bere etxeko lorategian. (Egilea: Aiora Larrañaga)[/caption] DEMETRIO ESNAOLA: Orioko Herri Ikastolako irakasle eta zuzendari ohia 1980an hasi zen Demetrio Esnaola (1937, Lazkao) Orioko Herri Ikastolan lanean. Bera izan zen ikastetxeko lehen zuzendaria. Ordutik, Esnaolak berea sentitu du hazten eta garatzen ikusi duen ikastola. Duela 14 urte erretiroa hartu bazuen ere, Kilometroak jaiaren bezperetan proiektua «bizi-bizirik» dagoela antzeman du herriko kaleetan. Auzolana izan al da gakoa? Ikastolaren sorreran auzolana ezinbestekoa izan zen. Gurasoen eta boluntarioen lana eta parte-hartzea ikaragarria zen, eta horrek zeharo markatu zuen ikastolen izaera. Auzolanean hezkuntza proiektua garatzea Euskal Herrian gertatu den fenomeno berezia izan da, eta uste dut hori gabe ikastolek egun ez luketela izango horrenbesteko indarrik eta garrantziarik. Hasierarekin alderatuz, ikastolaren egoera oso desberdina da egun; diru laguntzak daude eta horrek proiektua aurrera eramaten laguntzen du. Dena dela, Kilometroak jaiaren aurreran, herriak erantzun egiten du eta oso pozgarria da. Hasierako izpiritua bizirik dago, beraz? Orion hasiera-hasieratik gurasoen parte hartzea paregabea izan zen, eta oraindik ere izpiritu horrek bizirik dirau. Oriokoa herritik sortutako ikastola izan da, eta Kilometroak jaiaren inguruan sortu den mugimenduak berriz ere erakutsi du proiektuak herri oso baten babesa duela. Ikastola ulertzeko, ulertu beharra dago herritarren hezkuntza proiektua dela. Hasierako beharrak egungoekin alderatuz desberdinak al ziren? Hasieran gauzak nahikoa zailak ziren, ume gutxirekin hasi ginen, baina gurasoek eta euskaltzaleek ikastolaren beharran sinesten zuten, eta lan asko egin genuen. Baliabide gutxi eduki arren, auzolana izan zen giltza. Garai hartan garrantzitsuena matrikulak egotea zen, urtero-urtero taldea sortzea, alegia. Etxe aldetik desastre samarrak ginen, batetik bestera ibiltzen baikinen. Bide luze horretan irakaslegoa oso garrantzitsua izan da, hasieratik proiektua aurrera ateratzeko ilusio handia izan dugulako eta lan asko egin dugulako. Irakaslego konprometitua izatea oso inportantea izan da. Orain egoera bestelakoa al da? Oraingo beharrak desberdinak dira. Badira 14 urte ikastola utzi nuela, eta aldatuta ikusten dut. Azpiegituren arloa, esaterako, asetuta dago eta beste behar eta erronka batzuk izango ditu orain. Haur eta gazteak ere aldatu egin dira, lehengoak aingerutxoak ziren egungoekin alderatuta, eta horrek erronka desberdinak sortzen dizkio ikastolari. 1980an Orioko Ikastolan sartu zinenean pentsatzen al zenuen gaur egun dena izatera iritsiko zenik? Ikastola eta ikastolen proiektua izan da nire hobby-a urte askotan. Esperantza handia nuen nik proiektuan. Hasieratik, urtez urte ikasle kopurua handituz joan zen. Eskola euskalduna izatetik haratago, kalitatezkoa zela frogatu genuen eta herrian ere prestigioa hartzen joan zen. Horretarako oso garrantzitsua izan da irakasle eta langile talde sendoa eta konprometitua sortzea. Oraindik ere horrela dela konturatzen naiz, irakasleen lan egiteko modua ezin hobea baita; azken metodoak ezagutzen eta praktikan jartzen dituzte. Gauza handiak egin dira, proiektu asko aurrera atera dira eta lan hori guztia emaitza onak ematen ari da eta etorkizunean ere emango ditu. Bide horretan jarraitu behar da. Etorkizunari begira, zer opako zenioke zuk Orioko Herri Ikastolari? Orioko Ikastolak oso bide polita darama, eta herrian ondo errotutako proiektua da gainera. Urtetan zehar, handitu arren, herri sena mantentzen jakin du eta, geroari begira, herritik sortua den heinean, nortasun hori bizirik mantentzea nahiko nuke, hasierako izaera ez galtzea, alegia. Uste dut ikastolen proiektuan titularitatea gurasoek duten bitartean, herritarrek ikastola beren eskola dela sentituko dutela, eta hori izango da etorkizuneko giltza. Hurrengo urratsa Euskal Herriko curriculuma sortzea izango da, eta horretarako herritik sortutako hezkuntza proiektua eduki behar da oinarrian. Bidean arazo asko izango dira, baina orain arte egin den bezala, indarrez eta ilusioz aurrera egin beharko du ikastola osatzen duen komunitate osoak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide