Kilometroetara iristeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko irailaren 30a

[caption id="attachment_111008" align="aligncenter" width="300"]Garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute Kilometrotako antolatzaileek. Garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute Kilometrotako antolatzaileek.[/caption] Urriaren 5a iristear da, eta Orion ez da Kilometroak beste konturik herriko kaleetan. Kilometroak jaia gora eta behera dabiltza herritarrak, eta ez da gutxiagorako,  1.500 boluntariotik gora izango baita festaren bueltan lanean. Hilabeteak daramatzate igandeko jaia prestatzen, eta dena primeran irtetea da oriotarren nahia. Ildo horretatik, hainbat gomendio egin dituzte antolatzaileek. Oriora milaka pertsona eramango dituen festan garraioa arlo garrantzitsua da. «Nortasun handiko herria da gurea, eremuz txikia, ordea», aitortu dute antolatzaileek. Orioko autobideko sarrera-irteera itxita izango da, eta N-634 errepideak Usurbildik Zarautzera bitartean zirkulazio mugatua izango du; auzotarrek eta baimendutako ibilgailuek bakarrik izango dute hori erabiltzeko aukera. Horregatik, Kilometroen koordinatzaile Joseba Orellak eta Eñaut Telleriak festa egunean Oriora iristeko garraio publikoa erabiltzeko deia egin diete herritarrei. «Autobus eta tren zerbitzuak indartu eta maiztasun handiagoarekin ibiliko dira egun horretan», zehaztu dute. Bestalde, Euskal Herriko herri askotatik autobusak antolatu dituzte Kilometroetara iristeko, eta horiek Ubegun eta Abendaño industrialdeetan eta Urbil merkataritza zentroan aparkatuko dituzte. Horretaz gain, ikastolen festara autoz joan nahi dutenek Belartzako, Urbileko eta Zarauzko aparkalekuetan utzi ditzazkete autoak, eta bertan Oriora zuzenean eramango dituzten autobus lanzaderak aurkituko dituzte. Arrantzaleen oparia Kilometroetako kultur eskaintzaz gozatu bitartean, jateko eta edateko tartea ere hartzen dute jaira bertaratzen direnek. Horregatik, antolatzaileek hainbat aukera eskainiko dituzte. Janaria eta edaria salduko duten ohiko txosnez gain, herriko arrantzaleen eskutik bisitariek marmitakoa jateko aukera ere izango dute. Festako arduradunek zehaztu dutenez, herriko ontzi guztiek hegaluze fresko-freskoa oparitu diote Kilometroak 2014 jaiari, eta horrekin prestatutako marmitakoa jateko aukera izango da Abaromendin 4 txartelen truke. Jesus Makazaga Makatza-ren koadrila arduratuko da igandeko marmitakoa prestatzeaz. Eskarmentua dute lan horretan, Bisigu Egunerako ere askotan prestatu izan baitute marmitakoa. «500 errazio prestatzeko eskatu digute; Bisiguaren Egunerako mila errazio inguru eginak gara, beraz, lan erdia izango da igandekoa», azaldu du Makatzak. Egunean bertan lanean hasita berandutu egiten dela jakinda, larunbatean lana aurreratuko dute eta patatak zurituta, barazkiak moztuta eta salda eginda utziko dituzte. Igandean, berriz, 06:00ak inguruan bilduko da koadrila marmitakoa eguerdirako prest izan dadin. Bestalde, mahaian eserita bapo jan nahi dutenentzat ere izango da aukerarik Kilometroetan. Izan ere, Ikastolako gunean Karela kiroldegia jatetxe bihurtuko dute, eta bertan 15 euroren truke menua jateko aukera izango da: paella, oilaskoa, azken burukoa, kafea eta edaria sartuko dira menuan. Mila lagunentzat tokia izango da, eta bertan bazkaldu nahi dutenek sarrerak eskuragarri izango dituzte gune guztietan jarriko dituzten diru-truke postuetan, baita jangelako sarreran ere. Horretaz gain, arduradunek azaldu dute, etxetik janaria eraman nahi dutenek ere izango dutela non atseden hartua. «Ibilbidean zehar zelai ugari daude eta bertan atseden hartzeko eta mokadutxoa jateko aukera paregabea izango dute bisitariek Kilometroetako giroaz gozatuz» azaldu zuen Orellak. Edariari dagokionean edari alkoholdunen kontsumo arduratsua sustatu nahi dute antolakuntzatik. Horregatik, alkoholik gabeko edarien kontsumoa sustatuko dute eta edari alkoholdunak edatea erabakitzen dutenen artean graduazio baxuko edarien kontsumoa sustatuko dute: ardoa, sagardoa eta garagardoa. Gainera, zirkuitura ezingo da edari alkohodunik sartu.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide