Atxumarria Goikoa baserrikoek putreek ardiak erasotu dituztela salatu dute

Nerea Uranga 2014ko irailaren 29a

Azpeitiko Aratz Errekako Atxumarria Goikoa baserrian atzo eta gaur goizean putreek ardiak eraso eta hil dituztela salatu dute. Atzo eguerdian bi ardi eta bi arkume hil zizkietela esan dute baserritarrek, "ume egiten ari ziren ardiak erasotu eta arkumeak eta ardiak jan dituzte putreek". Gaur goizean ere putreen erasoa izan dute Atxumarria Goikoa baserriko ardiek, "ume egiten ari zen ardi bati eta arkumeari eraso diote, une horretantxe putreak zeuden tokira hurbildu eta alde egin dute putreek, baina ezpaina eta belarria jan dizkiote arkumeari", azaldu du baserriko Inazio Arangurenek. Inguruan putre asko dagoela adierazi dute baserrikoek, "ehundaka" etortzen dira, eta erasoa azkarra dutela gaineratu dute, "akordatu orduko joan ardiak dauden tokira, baina bost minututan dena janda izaten dute". Putreen erasoen aurrean "babesik gabe" aurkitzen dira, "ardiak etxe ondoko belardira ekartzen ditugu, txakurra artaldea zaintzen dugu momentu oro, baina hala ere putreek eraso egiten diete". Atzo eguerdian Ertzaintzan salaketa jarri zuten abeltzainek eta gaur basozainaren bisita izan dute gertatu denaren berri jasotzeko. Ardiak ume egiten hasi berri dira Atxumarriaga Goikoan, eta beldur dira abere gehiago galduko dituzten hemendik aurrera. Ardiez gainera behiak eta behorrak ere badituzte Atxumarriaga Goikoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide