Zarauzko EH Bilduk ekintzailetasuna eta sustapen ekonomikoa ez dituela babesten salatu du PSE-EEk

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 29a

EH Bilduk Zarauzko ekintzailetasuna eta sustapen ekonomikoa ez duela babesten salatu du PSE-EE udal taldeak. Horrek hirugarren urtez jarraian negozio txikiak ireki eta horietan obrak egiteko tasak jaisteko eskatu du, ordenantza fiskalen harira aurkeztutako emendakin baten bidez. "Zarauzko Udalak herriko ekonomia eta enplegua sustatzeko gaitasuna dauka, eta ordenantza fiskalen bidez egin dezake hori". PSE-EEko zinegotziek gogoratu dute gehienetan autoenplegu gisa enpresak sortzen dituzten sustatzaileek ez dutela horretarako diru laguntzik jasotzen. "Gobernu ezkertiar batek autoenplegua bultzatu eta merkatari txikiak babestu beharko lituzke, eta baita herriko ekonomia sustatu ere". Baina, PSE-EEk "legealdi hasieratik" proposatu duen horrek ez duela EH Bilduren babesik jaso nabarmendu du: "Lehenbiziko urtetik gai horren inguruan Udal Gobernuarekin negoziatzen saiatu gara, eta haren erantzuna irmoa izan da: ezetz esan digu, udalak dirua bildu behar duela argudiatuz". Ikuspegi ezkertiarretik, ordea, dirua biltzeko irizpidea da garbia da alderdi sozialistarentzat: tasa progresiboak ezarri behar dira gehien dutenek gehiago ordain dezaten. "EH Bilduren ordenantza fiskalak ohikoak dira: ez dugu ikusten proposamen ezkertiarrik". PSE-EEk ordenantza fiskalen aurka bozkatzearen beste arrazoitako bat etxe hutsen gaineko errekarguari lotuta dago. "PSE-EE etxe hutsen politika finkatu eta horiek merkaturatzearen alde dago. Baina ez gaude gauzak egin diren moduarekin. %150eko errekargua ezarri zaien etxe gehienak ez daude hutsik, eta beraz, gehiago ordaintzeaz gain horiek ez dira merkatura aterako".  Alderdi sozialistak dio Udal Gobernuak ez duela daturik eman etxe hutsen errekarguari esker jasotako kopuruaz, ez duela aztertu herriko etxeak zenbateraino dauden hutsak eta ezta zenbat atera diren merkatura ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide