[caption id="attachment_110576" align="aligncenter" width="300"]

Kilometroak 2014 'Erria Txikota!' Jaia aurkeztu dute. (Egilea: Aiora Larrañaga)[/caption]
Orion dena prest da urriaren 5ean Kilometroak 2014
Erria Txikota! jaia ospatu dadin. Lan asko egin behar izan dute oriotarrek urtean zehar, baina egun handia iristear da eta gaur aurkeztu dute festa eta egitaraua Orioko Ikastolako lehendakari Gemma Etxabek, Orioko Herri Ikastolako zuzendari Zigor Saizarrek, Kilometroak Jaiko koordinatzaile Joseba Orellak eta Eñaut Telleriak eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Arantza Manterolak. "Oriotarrek urte osoan zehar primeran zabaldu dute Kilometroetako izpiritua eta urriaren 5ean lan horren fruituak ikusteko aukera izango dugu. Kilometroak Jaia etorkizuneko erronkak betetzeko lehen urratsa izango da" azaldu du Manterolak.
Orioko Herri Ikastolako kideek hastapenei keinu egin nahi diote eta ikastolen sorreran aurreko belaundaldiek erakutsi zuten ausardia aitortuko dute. Horregatik, Kilometroak jaiaren irekiera ekitaldian Kilometroak Jaiaren sortzaile Josu Erguinek eta Orioko Herri Ikastolako lehen lehendakari Antonio Camposek parte hartuko dute. "Biek Orioko Ikastolarekin harremana dute egun, beren bilobek Orioko Herri Ikastolan ikasten baitute" azaldu du Etxabek. Eguerdi partean, bestalde, ikastolako lehen belaunaldiko ikasleen gurasoak eta Anjel Lertxundi omenduko dituzte. "Orioko ikastola sortu zenean haurrek lehen hezkuntza ikastera Zarauzko Ikastolara joan behar izaten zuten. Garai hartan Anjel Lertxundi zen bertako zuzendaria eta Lertxundik asko lagundu zion Orioko ikastolari" zehaztu dute. "Bestalde, lehen ikasle horien gurasoek ere parte-hartze zuzena izaten zuten ikastolaren egunerokoan". Horregatik, aitortza berezia merezi dutela uste dute Orioko Herri Ikastolako kideek.
Herritarren parte-hartzea
Kilometroak 2014
Erria Txikota! Jaiako ibilbideak 5.600 metro inguru izango ditu, "Kontxako estropadak duen neurri bera" zehaztu du Saizarrek. Bost gune nagusitan banatuta izango da eta horretaz gain, gune txikiago bat izango da Abaromendi inguruan. Antolatzaileek zehaztu dutenez jaia Oriora ekartzeaz haratago, Oriotik eraiki nahi izan dute festa. Horregatik, Orioko eta inguruko herrietako elkarteei eta taldeei lehentasuna eman diete. "Ikastolako Guneko kultur eskaintza guztia herritik eraikia da eta gainontzeko guneetan ere gutxienez emanaldiren bat bertakoa da". Denera, egitarauaren bi herena eskualdekoa, "auzotik sortua" izango dela nabarmendu dute.
Bestalde, Kilometroak festa herri guztira zabaldu nahi dute eta horretarako eskaintza ibiltaria ere izango da urriaren 5ean. "Bertan herriko zanpantzarrek, trikitilariek, txistulariek eta beste hainbat taldek parte hartuko dute" zehaztu du Saizarrek.
Herritik sortutako jaia izateaz gain, herritar orok parte hartu dezaken festa jasangarria izatea nahi dute antolatzaileek. Ildo horretan, adinekoek herriko ondarea bizirik mantentzeko duten garrantzia azpimarratu nahi dute. Horretarako, Euskadi Lagunkoia Sustraietatik ekimenarekin eta Matia Institutuarekin elkarlanean Orioko adinekoen eskutik herriko istorio, esamolde eta anekdotak jasoko dituzten ibilbidean zehar. "Panelak ibilbidean zehar jarri ditugu eta Orioko hizkeran idatziak izango dira, Orioko hizkuntza ondarea jasotzeko".
Bestalde, ahal den heinean jai jasangarria izan dadin ingurumena zaintzeko konpromisoa ere hartu du Orioko Herri Ikastolak. "Alde batetik edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeaz gain, edalontziak etxetik ekartzeko deia egin nahi diete herritarrei". Bestetik, egunean banatuko den janari guztiz ontzi konpostagarrietan emango dute, baita mahai tresnak ere.
Garraio publikoa
Kilometroak Jaiko koordinatzaile Orellak eta Telleriak festa egunean bertan Oriora iristeko garraio publikoa erabiltzeko deia egin diete herritarrei. Horretaz gain, kotxez joan nahi dutenek Belartzako, Urbilleko eta Zarauzko aparkalekuetan utz ditzazkete autoak eta bertan Oriora zuzenean eramango dieten autobusak izango dituzte. Bestalde, Orioko autobideko sarrera-irteera itxita izango da eta N-634 errepideak Belartzatik Zarautza bitartean zirkulazio mugatua izango du auzotar eta baimendutako ibilgailuentzat.