"Ez gaude prest gu tortura gintuztenekin areto berean egoteko"

Nerea Uranga 2014ko irailaren 26a

Auzipetuak Loiolan"Tortura deklarazioak entzun eta infernu hura berriro presente izan dugu", esan du Aiala Zaldibar auzipetuak gaur Loiolan auzipetuek, hauen senideek, Aske Guneko kideek, herri harresia-n parte hartu zuten batzuk eta beste hainbat lagunek egindako prentsaurrekoan. 28 gazte auzipetuen (tartean da Beñat Lizeaga zumaiarra) epaiketa hasiberria da. Astelehenean hasi zen epaiketa, eta bertan "epailearen harrokeria" ikusi dutela salatu du Zaldibarrek: "Gure kontra dauzkaten frogak entzun eta euren errididikuluaren are kontzienteago izan gara, gainera". Madrildik Euskal Herrira bueltan poliziaren jazarpena jasaten jarraitu dutela ere salatu du Zaldibarrek: "Polizia espainolak guretzat espreski jarritako kontroletan". Urriaren 6an ez dira epaiketara joango Bai Euskal Herrian, bai Madrilen epaiketa politikoen kontra "planto" egin dute, eta hemendik aurrera ere jarrera horrekin segitzeko asmoa dute auzipetuek. Urriaren 6an dute epaiketako hurrengo saioa, orduan poliziek deklaratuko dute. Auzipetuek eurak "torturatu" zituztenen areto berean ez direla egongo aurreratu dute, "ez gaude haien gezurrak entzuteko". Gaurko agerraldian Zaldibarrek gogoan izan ditu kartzeleratuta dauden beste bost auzipetuak (Irati Tobar, Jazint Ramirez, Imanol, Xabi eta Igarki). Haien argazkia mahai gainean izan dute gaur Loiolan. Joan den igandean Loiolan 28 auzipetuek egin zuen agerralditik jaso duten babesa eta elkartasuna eskertu ditu Zaldibarrek. Loiolan Aske Gunea joan den igandean sortu zuten, epaiketara ez joateko erabakia hartu zuten bost auzipetuen "desobendientzai jarrerarekin" bat egiteko, eta "orokorrean salbuespen politikak zigortutako lagun guztien eta gure eskubideen defentsan aritzeko", esan dute Aske Guneko kideek. Gu zuek gara, zuek gu zarete leloa praktikan jarriz Loiolako Aske Gunearen izpiritua Gu zuek gara, zuek gu zarete leloak laburbildu du. "Sinbolikoki" ia bi egunez gauzatu zuten ideia hori: "Ehunka pertsonen artean, auzolanean, hitzaldiak eta kultur emanaldiak antolatuz, karpak altxatuz, lo egiteko tokiak prestatuz, maskarak egiteko tailerrekin...". Espainiako Auzitegi Nazionaleko Angela Murillo epaileak epaiketara azaldu ez ziren bost auziptuak atxilotzeko agindua eman zuen astelehenean. Ondorioz, Ertzaintza azaldu zen egun horretan Loiolara, arratsaldeko sei eta erdiak aldera. "Orduan, Aske Gunearen leloa praktikan jarri genuen. Espainiako Nortasun Agiririk gabe, auzipetuen izenekin identifikatzen nortasun agiri kolektiboak bistan, maskarak aurpegian eta ileordeak buruan. Herri harresian bildutako egunka lagunak identifikatu ezinak bihurtu ginen". Ertzaintza "oso bortitz" Loiolan Ertzaintza "oso bortitz" aritu zela salatu dute Aske Gunekoek. Bestalde, herri harresiko jendeak erakutsitako jarrera goraipatu dute. Loiolakoa ez da izan egiten den lehen herri harresia, baina oraingo honetan "epaiketaren hasieran altxatua" izan da, "ez espetxeratzeko unean". 28 auzipetuak libre geratzea lortu behar dutela esan dute Aske Gunekoek, "epaiketa guztiekin amaitzea lortu behar dugu. Gure konpromisoa da desio horiek errealitate bihurtzeko giltza". Hurrengo urratsa, auzo eta herrietan auziperatuei babesa emateko sortutako ekimen herritarrak indartzea dela esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide