Aitor Frantzesena 'Gallo' eta Derek Rabelo (Aritz Mutiozabal).[/caption]
Gallo izan zen iristen lehena, eta hamar minutu geroago agertu zen Rabelo, gurasoekin eta hainbat lagunekin. Legezko aurkezpenak egin ondoren, surf eskolara sartu ziren oholak prestatzera eta neoprenozko jantzi soineratzera. Horretan ere Gallo izan zen azkarren, eta gerturatu zirenei erabiltzen duen ohol bereziak uretan gidatzeko eskaintzen dizkion berezitasunak azaltzen hasi zen. Rabelok, bien bitartean, ohol arrunt batekin egiten du surfean; beste surflari bat izaten du ondoan gidatze lanak egiten dizkiona. Haiekin batera dozena erdi bat lagun gerturatu zirekin hondartzara, batzuk antifazak begietan jartzeko asmoarekin, bai Rabelok bai Gallok, uretan zer sentipen duten norbere larruan bizitzeko.
Olatu askorik ez zuten topatu Munoa plazatik hondartzara jaitsi zirenean. Hala ere, hori ez zen oztopo izan, itsasoak ekartzen zuenarekin disfrutatzeko gogoz zeuden guztiak. Uretaratzen bizkorrena, oraingoan ere, Gallo izan zen. Bakarrik eta ziurtasunez, etxean aritzeak ematen duen konfiantzarekin. Ondoren, Rabeloren eta haren surflari laguntzailearen txanda izan zen. La Perla alderantz jo zuten aurrena, baina olaturik altxatzen ez zela eta. Munoa aurrera lekualdatu ziren. Kokaleku berrian olatuak etortzen hasi ziren, eta bertan aritu ziren gustura.
Filma aurkeztuz Surfaldiaren ondotik, Beyond sight film dokumentala ikusteko aukera izan zuten Modelora gerturatu zirenek. Europan barna dabiltza ikus-entzunezkoa aurzketen; duela bi egun Miarritzen izan ziren, eta bihar Xixonen izango dira. Rabeloren bizitza eta Hawaiiko Pipeline olatuan surf egiteko ametsa nola bete zuen kontatzen da bertan. Surflari brazildarra glaukoma kongenitoaren jaio zen, eta ez du sekula ezer ikusi. Bere gurasoek bultzatuta surf egiten hasi zen duela bost urte, egun 21 urte ditu, eta surf entrenatzaile batek gaitasunak zituela ikusita aurrera egin ahal izan du, oztopoak gaindituz eta fede handiarekin.